Sasoian egoteko eskaintza, Alegian

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko ira. 25a, 19:59

Inaxio Begiristain Kirol eta Kultur Etxeak aerobik, hirugarren adinekoen gimnastika, pilates eta yoga ikastaroetan izena emateko aukera zabalik du. Ostirala da izena emateko azken eguna eta kultur etxera bertara joanda eman beharko da, 10:00etatik 13:00etara edo 15:00etatik 21:00etara.

Aerobik 16 urtetik gorakoentzat izango da, eta astelehen, astearte eta ostegunetan 19:00etatik 20:00etara eskainiko da. Urriaren 1ean hasi eta ekainaren 18an amaituko dira saioak. Bazkideek 20 euro ordaindu beharko dituzte hilean, eta ez direnek, aldiz, 40 euro.

Hirugarren adinekoen gimnastika astelehen, asteazken eta ostiraletan izango da 11:00etatik 12:00etara. Urriaren 2an hasiko dira saioekin, eta hilean 15 euro ordaindu beharko du bakoitzak. Azken saioa ekainaren 19koa izango dute.

Pilates astearteetan eta ostegunetan emango da, 16:45etik 17:45era edo 17:45etik 18:45era. Urriaren 1ean hasiko dira eta ekainaren 19ko saioarekin amaituko da ikasturtea. Kasu honetan ere bazkideek 20 euro eta gainerakoek 40 euro ordaindu beharko dute.

Azkenik, yoga egiteko aukera dute alegiarrek. Astelehenetan izango da 17:00etatik 18:30era edo 18:30etik 20:00etara. Urriaren 7an hasi eta ekainaren 15ean amaituko litzateke, eta bazkideek 40 euro ordaindu beharko dute hilean, eta ez direnek, 55 euro.

LUDOTEKA ETA GAZTELEKUA

Urriko bigarren astean jarriko dituzte martxan ludoteka eta gaztelekua. Ludoteka zerbitzua 6 eta 12 urte bitarte haurrei zuzenduta dago, eta gaztelekua 12 eta 17 urte bitarteko nerabeentzat izango da.

Ludotekan parte hartu nahi dutenek ezinbestekoa dute aldez aurretik izena ematea. Hilak 27, ostirala, bitartean kultur etxetik pasa beharko dute. Plaza mugatuak izango direla ohartarazi du Gazteria sailak, eta izena eman duten guztiei, hilaren 30etik aurrera, telefonoz jakinaraziko diete onartuak izan diren edo ez.

Behin izena emateko epea itxita, arduradunek ordutegiak antolatuko dituzte apuntatu diren haur kopuruaren arabera.

Aurtengo berrikuntza larunbat arratsaldeetan ez dela zerbitzurik eskainiko da, baina, antolatzaileek, trukean, astean zeharreko ordutegia zabalagoa dela nabarmendu dute. Era berean, bai ludoteka eta baita gaztelekua ere, doako zerbitzuak direla gogorarazi dute.

PSIKOESTIMULAZIO TAILERRA

Gizarte zerbitzuek sustatuta eta Lahar Elkargoaren eskutik, adinekoentzat psikoestimulazio tailerra eskainiko da. Adinekoei zuzendutako ekimenari jarraipena ematea erabaki du udalak, aurreko ikasturteetan izandako arrakasta ikusita. Saioak astelehenetan eta asteazkenetan izango dira, 16:00etatik 18:00etara, jubilatuen elkartean.

Tailerrean parte hartu nahi dutenek, saio batera agertzea nahikoa izango dutela izena emateko adierazi dute udaletik, eta 2020ko ekainaren 20an amaituko dira saioak.

Udaletik adinekoak ekimenean parte hartzera animatu nahi dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!