Aste gutxi dira alkate postuan zaudela. Zer moduz?
Lanpostura ekainean sartu nintzen, baina badirudi herri lanak irailean hasten direla. Ia lan honetan festekin hasten zara, eta tartean jendeak oporrak hartzen ditu. Orain arteko lana testu astun asko irakurtzea izan da, gehiena ulertu ez arren, sailkatze lanetan ari naiz.
Nolakoa da Alegiako alkate izatea?
Herritarrak ia lehen minututik gerturatzen hasten zaizkizu, eta beraien gai gehienek ezustean harrapatzen zaituzte. Ez nekien jendeak arazo puntualak eta akaso pertsonalak bulego honetara ekartzen dizkizutela. Eta gai orokorren inguruan oraindik nahasmen batean ari naiz.
Zer darabilkizue esku artean?
Urtea bukatu baino lehen aurrekontua landu beharra daukagu, eta horretarako aurrekoak nola egin zituzten begiratu behar da, jarraipena eman edo ez erabakitzeko. Hitzarmen mordoxka bat ere baditugu, eta zenbait berritu egin behar dira eta horiek ere begiratu egin behar. Atzera begiratuz ari gara, ondo zeuden edo zer hobetu dezakegun ikusten.
Proiektuen artetik zerk du lehentasuna?
Proiektu handietatik denak ezin dira urte batean egin, eta aukeraketa egin beharra daukagu; gainera, batzuk ez dira erabat udalaren eskumena. Bestalde, aktuazio txiki asko daude egiteko, eta zaharkitu direnak berritu edota funtzionatzen dutenak baina bukatzera doazen gauzak ere aurreikusi egin behar dira. Ozeano handi bat da, eta portuak bilatuz gabiltza.
Lanak nola banatu dituzue?
Udalaren egitura bost batzordetan banatu dugu, eta batzorde bakoitzean hiru pertsona jarri ditugu; bi EH Bildukoak eta bat Aurrera Alegiakoa. Dena den batzordeetan lan egitea eta parte hartzea ez dago itxia. Gai batzuk ezin dira batzorde bakar batetik pasa, eta komunikazio bat eskatzen dute; beraz, batzorde batzuetan gehiagok elkartu beharko dugu, edo denok egon. Aldaketa bat aipatzeko kultura eta gazteria bereizi egin ditugula izango litzateke, eta kultura eta kirolak bere batzordea izango duela.
Zein da egoera ekonomikoa?
Duela urte batzuk baino dezentez ere hobeto dago. Niri oso ondo dagoela iruditu zait. Dirua ondo kudeatzea da herri batean garrantzitsuena, eta erronka handi bat dut. Okerrago ezin dut utzi, eta lan gogorrenetako bat izango dela iruditzen zait.
Zer lortu nahiko zenuke?
Batez ere gizarteari begirako gauzak egin nahi nituzke. Alegia eskualdetik isolatuta bere erara bakarrik ez nuke landu nahi; ingurura gehiago begiratu eta 28 herriekin kontaktua mantenduz uste dut Alegiak onura asko eskuratu ditzakeela hortik.
Nola hartu zaituzte herritarrek?
Batek daki, baina sentsazio txarrik ez dut.