«30 urte barru oxigenoa arnasten duten bateriak eskura izatea da helburua»

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko uzt. 25a, 13:57

Ekaina amaieran banatu zituzten 2016-2017 ikasturteko Doktoretza Tesien Sari Nagusiak. 'Non-Aqueous Li- and Na-O2 Batteries' lanari esker jaso du saria Imanol Landa alegiarrak.

Ingurugiro zientzietan lizentziaduna da Imanol Landa Medrano (Alegia, 1988). Horren bitartez, kimika ez-organikoko sailean sartu zen, material berrien inguruko masterra burutzeko. Bertan, kimika ez-organikoari buruzko tesia burutu zuen. Azkenik, Materialen zientzia eta teknologia programaren barruan burutu zuen doktoretza. Aldi berean, gainera, Kimikako gradua ikasten jardun zuen UNEDen. Ekainean jaso zuen Doktoretzako Sari Nagusia EHUko Zientzia alorreko Graduondo Batzordearen eskutik.

Zer sentitzen da horrelako sari bat jasotzean?

Lehenago, nire sailean ikasle gehiago saritu izan dituzte; beraz, ez da burutik pasatzen ez zaizun zerbait. Hala ere, sekulako poza ematen du egindako lan gogor horrek errekonozimendu bat izateak. Eskerrak eman nahi dizkiot zuzendariari, baita lagundu nauten guztiei ere. Hau ez da pertsona bakar baten lana; hortaz, ez da pertsona bakarrarentzako saria.

Zergatik jaso duzu saria bi urteren ondoren?

2016ko abenduan aurkeztu nuen nire lana. Askotan, tesiak finantzazioa amaitu baino lehen defendatu behar izaten dira. Horrek, ordea, ez du esan nahi lana borobildu duzunik. Ikerketa faseak oraindik zabalik irauten du. Ikerketa burutzen duzu, baina agian ez dituzu emaitza guztiak publiko egiten. Hori dela eta, tesia defendatu ondoren, bi ikasturteko epea ematen dute, lan hori guztiz osatzeko, eta gero, lehiaketara aurkezten zara.

Zeri buruz burutu zenuen tesia, eta zer dela eta?

Bi bateria moten prozesu elektrokimikoari buruzko tesia da. Niri gaia aurkeztu zidaten, eta interesgarria iruditu zitzaidan. Irakasle baten bidez sartu nintzen ikerketan, bere sailean ikertzen zelako.

Zer landu duzu bi baterien inguruan?

Sodio-oxigeno eta litio-oxigeno bateriak dira. 30 urte barru errealak izateko eta funtzionatzeko pentsatuta dauden gailuak dira. Egun, laborategian ari dira tratatzen. Arnastea da duten ezaugarri nagusia: batetik, litioa edo sodioa dute; bestetik, oxigenoa.

Nola arnasten dute bateriek?

Esaterako, bateria hori telefono mugikorrera konektatzen baduzu, erabiltzen duzun bakoitzean, bateria horrek oxigenoa arnasten du atmosferatik; erreakzio baten bidez biltegiratzen du. Horrek, baina, muga bat du, eta beraz, betetzen denean, ezinezkoa da oxigeno gehiago biltegiratzea. Mugikorra bateriarik gabe geratzean, kargatu egin behar izaten da. Bateria hauen bitartez, kargatzen denean, biltegiratutako oxigenoa askatzen dute. Hortaz, energia biltegiratzeko modu garbi bat izango litzateke. Oraindik goiz da behar bezala funtzionatzeko, baina denborarekin bere eginbeharra beteko dute.

Zer ikasi ahal izan duzu tesia burutu bitartean?

Gaiari buruzko guztia tesia egin bitartean ikasi nuen. Hasieran proposamen bat jaso nuen, baina ikertzen hasi arte ez dituzu benetan ezagutzen ikerketagaiaren xehetasunak. Batez ere, asko ikasi nuen esperimentu eta frogetatik. Prozesu formatiboa izan da. Teknikak lantzen ikasi dut, baita gaiaren inguruko zenbait ezagutza ere, eta garrantzitsuena dena, proiektu bat zerotik amaierara arte bideratzen ikasi dut. Horrek, zenbait balio ematen dizkizu, etorkizunean antzeko gaietan ikertzaile izateko.

Ingelesez burutu duzu, ezta?

Tesia bera ingelesez egina dago. Defentsaren kasuan, aurkezpenaren erdia ingelesez eta beste erdia gaztelaniaz egin nituen. Nazioarteko Tesi Titulua nahi nuenez, tesiaren atal batzuk eta aurkezpenaren erdiak ingelesez eginak behar zuten. Gainera, gutxienez hiru hilabeteko egonaldia egin behar nuen atzerrian.

Erraz moldatzen al zara ingelesarekin?

Zientzia eta ikerketa ingelesez eginak daude, gehienbat. Edozein gairen inguruan ikertzean, artikulu gehienak ingelesezkoak izaten dira. Beraz, hizkuntza teknikoa nahiko barneratua dugu. Zailagoa izaten da egunerokoan harremanak mantentzea; gabezi handiagoak ditugu. Ingelesez egitearen arrazoia hau da: lan handiagoa suposatzen zuen guztia itzultzeak, egokitzeak baino.

Non egin zenuen egonaldia?

Bartzelonan (Katalunia), Chicagon (AEB) eta Southamptonen (Ingalaterra) izan nintzen. Hemen zailtasun teknikoak nituen esperimentuak behar bezala egiteko, gure departamentuko laborategian ez genuelako behar adina baliabide. Inguruko laborategietan ere ibili nintzen, baina beti leku berean frogak egitea ez da bilakaera bat izateko modu egokiena. Beharrezkoa iruditu zitzaidan atzerrira joatea. Leku batera nahiz bestera joan, bertan zientzia nola lantzen den ikustea oso interesgarria izan zen.

Oso ezberdinak diren hiru herrialdetan izan zinen. Zientziari ere ikuspegi ezberdin batetik begiratzen diote?

Bakoitzean, gai jakin batzuetan dira adituak, eta ikasgai ezberdinak jaso nituen. Gainera, arazoei aurre egiteko modu ezberdinak daudela ere ikasi nuen. Gutako bakoitzak, erosoa egiten zaigun moduan egiten diegu aurre ezbeharrei. Batzuetan, norberaren teknikak oso onak dira, baina beste batzuetan ez dute balio.

Zer azpimarratuko zenuke egonaldi bakoitzetik?

Bartzelonan egon nintzenean, tesia gainbeheran zihoan, baina egonaldiari esker, lana salbatzea lortu nuen. Bertako ikertzaile batek asko lagundu ninduen. Pertsonalki, nire lehen irteera zen, eta esperientzia ona izan zenez, beste egonaldiak egitera animatu nintzen. AEBtan, gobernuak finantzatutako laborategi handietan aritu nintzen. Erraztasun asko eskaintzen zizkidaten; edozer eskatzen nuela ere, eman egiten zidaten. Ingalaterran, azkenik, aukera izan nuen gustukoen nituen ikerketa gaietan espezializatzeko. Ikerketa fundamentalagoa lantzen zuten. Bateria osotasunean ulertu ordez, erreakzioak banaka lantzen genituen. Arlo pertsonalean ere esperientzia izugarria izan zen, lagun ugari egin nituelako.


Tesia zehazteko prozedura moduko bat izan zen, beraz?

Bai. Gainera, azken egonaldian gozatu nuen gehien. Tesia borobiltzeko ere baliagarria izan zen.

Zergatik zenioen lana borobildu gabe geratzen dela?

Tesia amaitu nuenean, 2017ko ekainean, sei hilabete eman nituen unibertsitatean. Gero, esperimentu batzuk martxan utzi genituen. Orain, beste ikasle bat ari da esperimentu horiek aurrera eramaten. Oraindik ere nire denbora librearen tarte bat eskaintzen diot ikerketa lan horri. Hala ere, profesionalki ez dut horretan jarraitzen. Egun, beste gai batzuen inguruan ikertzen dut.

Zeren inguruan?

Litio-ioizko bateria aurreratuetan ikertzen dihardut, Cidetec fundazioan. Ikerketa aplikatuagoa da. 30 urte barru erabiliko diren baterien inguruan ikertu ordez, bizpahiru urteetara ikusiko ditugun baterien inguruan ikertzen ari naiz. Euren materialekin etortzen dira enpresak, horiek baterietan zer moduz moldatzen diren probatzeko.

Aurrera begira, baliagarria egingo al zaizu tesia?

Bai, batez ere, teknika ugari ikasi ditudalako, baita lehen esan bezala, proiektu bat ezerezetik garatzen hasteko gaitasuna lortu dudalako. Bateria horiek, gainera, gurean azaltzen direnean, ederki oroituko naiz tesiaz.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!