Alegiako festa batzordeak "modu positiboan" baloratu ditu uztailearen 12tik 16ra ospatu ziren festak. Prestatutako egitarauko ekintzek jendearen aldetik jaso duen erantzunarekin pozik azaldu dira batzordeko kideak eta kalean sumatu den jai giroa azpimarratu nahi izan dute.
Bost egunetan adin adin guztiei bideratutako ekintza ugari antolatu dira, eta ekintza horien garapenean ez da inolako arazorik sumatu. Jende aldetik ere festa emankorrak izan dira. Asteburuan egokitu ziren lehen egunetan ibili zen jende gehien, baina astelehenean eta asteartean ere herritarrek zein kanpotik etorritakoek erantzun bikaina eman dute.
Azkenik, festa batzordeko ateak herritar ororentzat irekita daudela gogorarazten da. 2020ko jaiei begira, lehen bilerak egiten direnean zabalduko da deialdia eta ideia berriak eta lanerako prestutasuna duten guztiak ongi etorriak izango dira.
"Ez ezetz da!" kanpaina
Iaz bezala, aurten ere sexu erasoen aurkako protokoloa martxan izan da jaietan. Udalaren, emakumeen taldearen, gaztetxearen eta beste eragile batzuen elkarlanari esker, protokoloa aurreikusi bezala garatu da. Erasoak salatzeko jarri zen telefonoan ez da deirik jaso. Horrekin batera, kalean besoko moreekin ibili dira arduradunak, inork laguntzarik behar izanda ere. Udalak eskerrak eman nahi dizkie protokoloa garatzen eta jaietan lanean aritu diren pertsona guztiei.