Alegiako jaiak 2019

Harri-jasotzaileen Txintxarri Saria, etzi

Ataria 2019ko uzt. 12a, 19:57

Alegian jokatuko da Euskal Herriko Harri Txikien Txapelketa; zazpi harri jasotzaile ariko dira lehian.

Alegia festetan dago. Urtero bezala, herri kirolariek bere lekua izango dute, eta ez nolanahikoa. Euskal Herriko Harri Txikien Txapelketa jokatuko da igandean, hau da, XIV. Harri Jasotzaileen Txintxarri Saria. Zazpi harri-jasotzaile ariko dira lehian, eta baten faltan, hiru faborito nagusi izango dira. Lau harrirekin hiru minutuko txandak izango dituzte parte hartzaileek. Harriak ondorengoak izango dira: 100 kiloko bola; 112,5 kiloko kubikoa; 125 kiloko zilindrikoa eta 125 kiloko laukizuzena. Txapelketa 18:30ean hasiko da Alegiako Larraitz auzoko plazan.

Harri-jasotzaileei dagokienez, Aimar Irigoien izango da txapela janzteko faborito nagusia, baina ez bakarra, lehia benetan parekatua aurreikusten baita aurtengoan. Errezildarrari aurre egiteko asmoz Mikel Lopetegi Urra gaztea joango da Alegiara. Inhar Urruzunorekin adi ibili beharko da, bere lana fin egiten duen harri-jasotzailea izanik, besteen akats txikienaren aurrean txapela irabazteko hautagai bilakatuko baita.

Hiru faborito nagusirekin batera, Imanol Albizu Goikoetxe, Iñigo Eizagirre, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a eta Xabat Olaizolak osatzen dute punta puntako kartela.

Sega txapelketa

Alegian igandean izango baldin bada harri-jasotzaile txapelketa, bezperan, herri kirolek Zizurkilen izango dute hitzordua. Gipuzkoako Azkartasuneko Sega Txapelketa jokatuko da Geresta baserri ondoko zelaian, 18:00etan hasita.

Gizonezkoen txapelketa bakarrik jokatuko da eta zazpi segalarik eman dute izena. Finalera lau bakarrik pasako dira, ondorioz, lehenik kanporaketa jokatu beharko dute 100 metro karratuko sailean. Lehen lau sailkatuek, ondoren, beste horrenbesteko lana egin beharko dute finalean. Zazpi segalariak hauek izango dira: Peio Argaia (Zizurkil), Arkaitz Arteaga (Baliarrain), Julen Gabirondo, Suharri Irazustabarrena, Mikel Lizartza (Tolosa), Jon Otegi eta Iban Pardo. Txapelketa Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak antolatzen du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!