Txorimaloz betetako baratzea, denen ikusgai

Irati Saizar Artola 2019ko uzt. 11a, 19:59

Alegiatik Ikaztegietarako errepide ertzean txorimaloz apainduta dauka baratzea Juan Inazio Pastorrek; hiru lagun San Ferminez jantzi ditu.

Nohizean behin arropaz aldatzen ditu baratzean dituen bederatzi txorimaloak Juan Inazio Pastorrek. San Ferminak diren honetan, horietatik hiru zuri-gorriz jantzi ditu. Tolosarra den arren, Alegian bizi da egun, eta egunero-egunero egiten du baratzetik buelta; erretiroa hartuz gero, «denbora pasatzeko eta entretenitzeko» modua bilatu du.

Alegiatik Ikaztegietara doan errepide ertzean dauka baratzea Pastorrek, eta momentuz, bederatzi txorimalo ditu jarrita. «Obretan aritzen nintzen lanean, eta hiru makila kasko batekin jartzen zituztela ikusten nuen», azaldu du. Alabaren lanbideak ideia piztu zion, ordea: «Alabak pelukeria ikasi zuen eta praktikatzeko erabiltzen zituzten panpinen buruak bota egiten zituztela esan zidan». Orduantxe bururatu zitzaion zerbait egin zezakeela buru haiekin.

Txorimaloen estruktura burdinez egiten du eta besoak eta hankak soldatuta eransten dizkio. «Galtzak janzten dizkiet ondoren, eta lastoz betetzen ditut. Txorimalo bat goma-apar edo espumaz beteta daukat, baina nahiago dut lastoa, trinkoago geratzen baita, eta euria egitean, lastoan irrist gehiago egiten du goma-aparrean baino». Gainerakoak lastoz beteta dauzka.

Etxeko arropa eta elementu zaharrak aprobetxatzen ditu txorimaloak apaintzeko. Tarteka-tarteka aldatu egiten ditu arropak, eguzkiak «gastatu eta hondatu» egiten baititu.

Iaz ere San Fermin garaian txorimalo bat txuri-gorriz jantzi zuen. «Bakarra ordea, eta tristea geratzen zen; aurten, bikote bat jartzea pentsatu nuen, elkarri begira, dantzan ariko balira bezala, baina azkenean, kanpora begira jartzea erabaki dut jendeak hobeto ikus ditzan», azaldu du. Festak amaitzean, aldatu egingo ditu, eta aurrerago artzain-andre jantziak janztea gustatuko litzaiokeela esan du.

Inauteriak gerturatzen direnean ere, mozorro ezberdinak jantziko dizkie txorimaloei: «Tolosarra naiz eta inauterizale amorratua gainera; etxean ditudan mozorroak aprobetxatuko ditut».

Bitxia da Pastorrek egiten duena, ikusmina sortzeko modukoa. Paseatzen, nahiz bizikletaz zein kotxez, jende asko ibiltzen den eremua dela dio: «Jende asko ibiltzen da errepide inguru honetan, eta asko eta asko geratzen dira txorimaloei begira, harrituta».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!