Aurten ere, 'Ez ezetz da!' kanpaina jarriko dute martxan

Ataria 2019ko uzt. 10a, 11:40

Gaur, etzi eta larunbat gauean etxera taldean joateko hitzorduak egingo dituzte Orendaingo bidegurutzean; besoko morea eramango dute zenbait herritarrek.

Alegiako Udalaren, emakumeen taldearen eta beste hainbat eragileren elkarlanari esker, sexu erasoen aurkako protokoloa martxan izango da Alegiako jaietan. Udalaren egitaraua eta Bibalabirjen jaiena kontuan hartuta, uztailaren 10etik 16ra izango dira jaiak eta egun horietan guztietan martxan izango da Ez ezetz da! kanpaina.

Iaz bezala, erasoak salatzeko telefono zenbaki bat martxan izango da 24 orduz. 606 797 135 da zenbaki hori eta erasoren bat jasaten edo ikusten duen edonork deitu dezake bertara; behar badu laguntza eskainiko zaio.

Horrekin batera, hiru gauetan etxera taldean joateko hitzorduak ezarriko dira. Orendaingo bidegurutzea izango da elkargunea eta talde bakoitzean arduradunak egongo dira. Hauek dira ordutegiak: gaur gauean 02:00etan; eta ostiral eta larunbat gauetan, 03:00etan eta 05:00etan.

Gainerako jai egunetan, etxera laguntzea nahiko luketenek, lau pertsonako gutxieneko talde bat osatuko balute etxera lagunduko zaie. Horretarako, 606 797 135 telefono zenbakira deitu ahal izango da eta jakinarazi dutenez, gehienez ordubetean, etxera lagunduko zaie horrela eskatzen dutenei.

BESOKO MOREAK

Ez ezetz da! kanpainak aurtengorako duen berrikuntzetako bat besokoekin ibiliko diren arduradunena da. Protokoloko arduradun horiek kolore moreko besokoekin ibiliko dira kalean. Inork laguntza beharko balu, besokoak dituztenengana jo dezake eta laguntza bideratuko zaila jakinarazi dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!