Iñaki Artolak herritarren aurrean jokatuko du larunbatean, uztailak 13. Alegiarrak Urretabizkaia II.a izango du atzean. Aurkariak, aldiz, Oinatz Bengoetxea eta Jon Erasun izango dira. Pilota jaialdia 18:00etan hasiko da eta sarrera 15 euroan jarri dute.
Hiru partidaz osaturiko ikuskizuna antolatu dute Alegiako pilotalekuan. Aurreneko bi partidak Alegiako Festetako Pilota Txapelketaren finalak izango dira. Nesketan, palaz, Ainhoa Garmendia eta Maider Mendizabal izango dira alde batetik. Alegiarrak eta anoetarrak Amaia Irazustabarrena eta Itsaso Erasunen aurka jokatuko dute. Hernaniarra eta zizurkildarra azken bi hauek. Ondoren, eskuz mutilak ariko dira lehian. Jubenilen finalera ondorengoak iritsi dira: Aitor Altuna tolosarra eta Etxeberria albizturtarra alde batetik, eta Senar ataundarra eta Zalakain oiartzuarra bestetik. Jaialdiko hirugarren partida izango da profesionalena.