Txintxarri abesbatza, Berzaitzekin kantari

Irati Saizar Artola 2019ko uzt. 5a, 09:00

Alegiako abesbatzak kontzertua eskainiko du gaur, 20:00etan, Elizpe zinema aretoan, Pier Paul Berzaitzekin batera.

Karmen Jaiak gainean dituzte alegiarrek, eta egitarauaren barnean sartu dute ostiral honetan Txintxarri abesbatzak Elizpe zinema aretoan eskainiko duen kantaldia. 22:00etan hasiko da emanaldia, eta Pier Paul Berzaitz abeslari zuberotarra ere bertan izango da.

Azken urteetan, Karmen jaien inguruan «ezohiko» kontzertuak eskaintzen ari da Txintxarri abesbatza. Esaterako, duela bi urte, Erramun Martikorenarekin batera abesteko aukera izan zuten. Aurten ere, Berzaitzen gonbidapenarekin, eta izandako esperientzia «arrakastatsua» ikusita, «euskal kantuez gozarazi nahi ditugu entzuleak», esan dute. Zuberoko musikariaren Egunsentiaren kantak diskoa izango du oinarri hiru zatitan bereiziko duten emanaldiak.

Lehenengo zatian, Joxean Goikoetxea akordeoi jotzailearekin eta Iosune Marin gitarra jotzailearekin batera arituko da Berzaitz. Bere doinuak zein euskal kantu ezagunak abestuko dituela aurreratu du.

Bigarren zatian, Txintxarri abesbatza ariko da Garbiñe Orbegozoren zuzendaritzapean eta Marije Rekondo herritarra pianoan lagun dutela. Alexander Lesbordesen Ama edota Goizian argi hastean abestuko dituzte, beste hainbat abestiren artean.

Hirugarren eta azken zatian, zuberotarrak eta abesbatzak elkarrekin abestuko dute. Egunsentiaren kantak diskoko zenbait abesti eskainiko dituzte. Horiez gain, Guk musika talderen abesti batzuk ere entzungo dira, hala nola, Eki Eder eta Arbola abestiak. 60ko hamarkadaren amaieran sortu zen talde hori, eta Berzaitz izan zen sortzaileetako bat. Azken zati horretan, zuberotarraren kanturik ezagunena, Baratze bat ere abestuko dute.

Karmen jaietako egitarauaren barruan kokatu dute Txintxarriren emanaldia. Doan izango da, baina aretora garaiz inguratzeko deialdia egin dute antolatzaileek, eserlekua ziurtatzeko. Behin aretoa betetzen denean, inori ez zaiola sartzen utziko azaldu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!