Makina bat liburu idatzi ahal dira ilargiak gure egunerokoan duen eraginari buruz eta, nola ez, biologook ilargian bizi garenez, berauez idaztea otu zait. Hala ere, ziur, hemendik aurrera nire gorrotatzaileen zerrenda apur bat lodituko dela, ilargi-zale asko baitugu gure lurralde maite honetan.
Ilargiak gizakiari betidanik eman dio zer esana: ez da kasualitatea euskaldunok hildakoen-argia izena ematea, nonbait hildakoak argirik gabe geratzen dira gau ilunean, eta beraien gidaria dugu ilargia. Horrez gain, diotenez, ilargi beteetan legez kanpoko «gaiztakeria» gehiago egiten omen dira eta, gainera, zenbait bizidunek ilargi betearen arabera egiten omen dituzten bere bizi funtzioak.
Ilargiaren eragina nabaria da gure planeta osoan, izan ere, ilargiak grabitate indar bat eragiten dio lur planetari, planetako ozeanoak erakarriz eta mareak sortuz. Hala ere, kontutan izan, eguzkia ilargia baino 400 aldiz handiagoa dela eta nahiz eta ilargia baino urrunago kokatu gugandik, baduela mareetan eraginik. Gure gizaki garun miragarri honetan, beraz, oso sartua dago ilargiak nolabaiteko tirakako indar egiten diola gure planetari, eta planeta horretan bizi garen koitaduei. Behin, Tolosako azokan gizon batek esan zidan ilea ilbeheran moztu behar omen zela, ilargiak «indar gutxiago duelako» eta, gero, ilgora etortzen denean, ilargia oso indartsu dagoenez, ilea indartsuago hazten omen da; nolabait, ilargiak sokatira praktikatzen du ilearekin! Berak gazte denboran hala egin omen zuen, oso ile indartsua omen zeukan, berebiziko «kalparra» izan omen zuen… Gero, berrogei urterekin, erabat burusoil geratu omen zen. Ilargiak gehiegi tira, eta ilea zainetatik atera ote zion?
Baratzezale batek esan zidanez, lurra ilbeheran erein behar omen da, eta fruituak ilgoran bildu behar omen dira, baina ez okurritu lurpeko barazkiak ilgoran biltzea, zeren «errazago txartzen omen dira». Txerri hiltzeak ere badu bere ilargi egutegia; ez omen da ilargi bete eta ilargi berrian hil behar txerririk: ilargi berrian hilez gero, zomorroak ateratzen omen zaizkio haragiari, eta ilargi betean hilez gero, berriz, errazago lehortzen omen da.
Biologook badakigu, ilargien zikloek eragina dutela hainbat izaki bizidunen prozesuetan, baina baita tenperaturak, hezetasunak nahiz bizidunaren elikadurak ere. Milioika faktore daude, bizidunengan eragiten. Haziak lur txar batean, ilgoran zein ilbeheran ereinez gero, ez dira haziko. Fruituak bildu eta ez badira ongi kontserbatzen, edo gaixotasun bat baldin badute, txartu egingo dira, ilgoran zein ilbeheran. Eta, txerri hiltzearen kasuan, «lehortzea» eta «zomorroak» ateratzea zeri esaten zaion jakin beharko genuke.
Gauzak horrela, faktore gehiegi daude baratze baten barruan, bertan gertatzen dena ilargi bati egotzi aurretik; eta, normalean, lurraren kalitatea izan ohi da. Bestalde, tradizioek diotena neurtzea zein interpretatzea oso zaila da. Nola neurtu fruta «azkarrago txartzen» dela? Nola jakin edo aztertu, ilea gaztetan «berebiziko indarrarekin» hazi zitzaion burusoilaren istorioa? Zenbat burusoilen istorio behar ditugu, ilargiak ilea moztean eragina duen ala ez jakiteko? Bat, bi, hiru… ehun? Zer da txerriaren haragia «lehortzea»?
Eta, bukatzeko, pentsatu gauzatxo bat: ilargia beti bera da, ilgoran edo ilbeheran, beti aurpegi bera ematen digu, gainera. Nahiz eta guk ilargi berria denean ilargia ez ikusi, edo ilbetean ilargi erraldoi bat zeruan agertu, ilargi bera dago beti guri begira. Batzuetan, eguzkiari bizkarra emanda, iluntasunean; bestetan, eguzkiari aurpegia emanda. Baina beti hor, bere eragina eta guzti.