Ez dira egun asko falta Alegiako festetarako, eta festa usaina zabaltzen joateko aukeratu dituzte festak iragarriko dituen kartela, logoa eta baita egitarauaren kontrazalean joango den irudia ere.
Azken urteetan egiten duten moduan, festa batzordeak jaien egitarauko azala izango den irudia aukeratzeko lehiaketa bat egin du. Denen artetik bat aukeratzeko bozketa sistema erabili dute. Maiatzeko azken astean herritarrek gehien gustatzen zitzaien kartelaren aldeko botoa emateko aukera izan dute kultur etxean. Ikusgai egon dira, eta Nahia Ansorenaren lana izan da bozkatuena. «49 boto jaso ditu Ansorenaren lanak, bigarren geratu denak baino lau gehiago. Erakusgai ziren beste bi lanek launa boto jaso dituzte eta, baliogabeak kontuan izanda, guztira 106 boto jaso ditugu», azaldu dute festa batzordetik.
Botoa eman dutenen artean ardo botila baten zozketa egin dute, eta Paula Valor izan da irabazlea.
Egitarauko kontrazalean agertzen den marrazkia eskolako ikasleek egindakoen artetik aukeratzen da, eta aurten Oier Orejak egindakoa aukeratu dute. Azkenik, jaien bueltan egiten diren kamisetetan zein jaiei buruzko karteletan agertuko den logoa Ziortza Artolak egina izango da.
Festa batzordeak eskerrak eman nahi dizkie lanak aurkeztu dituzten guztiei, eta baita bozketan parte hartu dutenei ere.
BALKOI ETA LORATEGIAK
Festen aitzakian Balkoi eta Lorategi Dotoreenaren lehiaketa egingo dute aurten ere. Festa batzordeak dio balkoiak eta leihoak zaintzeko ohitura berreskuratzeko helburuarekin egiten dela lehiaketa hori, eta horrek herriaren itxurari eta ingurumenari eragiten dion mesedeari balioa ematea da beste helburua». Epaimahaiko kideak herriko kaleetan ibiliko dira ekainaren 17tik 23ra eta, modu horretan, herriko leiho eta balkoi guztiak aztertuko dituzte.
Epaimahaiko kideak adituak diren pertsonak izango dira. Hainbat irizpide izango dituzte kontuan: kolorea, landareen aniztasuna, estetika, konbinaketa eta txukuntasuna. Erabakiaren berri Alegiako jaietan emango dute, uztailaren 14an, igandean, hain zuzen ere.
Maila bakoitzeko irabazleek 150 euroko opari txartela jasoko dute herriko saltokietan kontsumitzeko. Hori bai, sarituek egunean bertan jaso beharko dute saria.