Eskolako jangela eredu berria atzera bota dieten arren ez dute etsitzen

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko mai. 30a, 19:59

Alegiako San Juan eskola eta Aralar Institutuko jangela eredua bertako produktuekin hornitua izatea nahi zuten gurasoek; momentuz, ez da posible.

Alegiako San Juan eskola eta Aralar Institutuko guraso elkarteek hezkuntzan aurkeztu duten eskola jangela eredu berriaren proiektuak ezezko erantzuna jaso du. Gurasoekin sortu zen talde eragilea itxaropentsu zen, nahiz eta jakin bazekiten zaila izango zela.

San Juan eskolako guraso elkarteak jaso zuen bertako produktuetan oinarritutako jangela eredu bat martxan jartzearen proposamena. Olatz Irazustabarrenak azaldu duenez, «ez genekien zein jangela eredu geneukan ere». Gaur egun, 2 urtetik 16 urtera bitarteko 260-270 bat umek bazkaltzen dute Alegiako jangelan. Alegiako Udalaren eta Tolomendiren laguntzarekin, eskualdeko beste jangela ereduak ezagutzen hasi ziren, eta Alegiara begira zer egin zezaketen lantzen. Markinako esperientzia pilotuari buruzko hitzaldia jaso zuten, «arrakastaz».

Gaur egungo jangela ereduari buruz galdetuta, «zorteko» direla diote: «Euskal Autonomia Erkidegoko jangeletan %30ak baino ez du sukaldea jangelan, eta gurean janaria prestatzeko sukaldea dugu», azpimarratu du Irazustabarrenak. Eusko Jaurlaritzako sukaldariak dituzte, Ausolagun enpresako zaintzaileez osatuta dago jangela, eta Ausolagun bera da janari hornitzailea.

Jangela eredu berriaren borrokan sartuta, «sukalderik ez bagenu edukiko, ezingo genuke aurrera eraman», diote. «Kudeaketa Zuzena deitzen zaio eredu honi, eta Eusko Jaurlaritzak aspaldi jarritako eredua da; guk horretan errenditu behar dugu eta janaria nondik datorren ez dago gure esku», gaineratu du Regina Sorarrainek. «Orain informazioa aurkituta, badakigu gure jangelako lekaleak Europatik kanpokoak direla, haragia Bartzelonatik datorrela edota barazki guztiak izoztuak direla». Proiektuak izaera pedagogikoa ere baduela diote, eta lehen sektoreak duen garrantzia haurrek ikustea ere garrantzitsua dela.

Talde eragilea eredua lantzen hasi zen, eta proiektua garatu du: «Proiektu horren oinarria ahalik eta gertukoenak diren elikaduran oinarritutako sukaldea izatea da». Ez dute beste aldaketarik eskatzen.

Azpimarratu duten beste puntu garrantzitsuetako bat, jangela eredu berriarekin, kuotak ez lituzketela aldatuko da. Hori zen, proiektuarekin aurrera egiteko mantendu beharreko irizpideetako bat.

BIDERAGARRIA DEN PROIEKTUA

Era berean, garbi zuten, aurkeztu beharreko proiektuak bideragarria behar zuela izan. Ekonomiaren alorrean aritu da lanean Imanol Aizpurua gurasoa: «Ekonomikoki bideragarria izatea nahitaezkoa zen. Helburua janaria bertakoa eta osasuntsuago izatea da, baina ekonomikoki ez bada bideragarria, bide motzagoa izango zuen. Azterketa eta negoziazio lanak egin ditugu hornitzaile berriekin, eta lortu dugu bideragarria izango den proposamen bat egitea».

Hornitzaile modura ate asko jo ostean, Lur Lan Baserritar Elkartea izango lukete: «Guztia ez litzateke eskualdekoa izango, baina urrutiena Arabara edota Nafarroara joango lirateke», diote.

Irazustabarrenak gogora ekarri du otsailerako definitu zutela proiektua, eta martxoan aurkeztu zutela hezkuntzan. Jarraian, maiatzaren 2an Eusko Jaurlaritzan hezkuntzakoekin elkartu ziren proiektuaz hitz egiteko. Azpimarra jarri nahi izan du Aizpuruak: «Eusko Jaurlaritzara joan aurretik, hilabete lehenago, Gipuzkoako hezkuntzako teknikariekin elkartu ginen. Beraiek animatu gintuzten proiektuarekin aurrera egitera, eta bideragarri ikusten zutela esan ziguten, babesa azalduz». Txosten teknikoa aldekoa izanagatik, erantzuna ezezkoa izan da. «Momentu honetan ez dugu ikusten atea zeharo itxita, baina ezezkoa jaso dugu», dio Sorarrainek.

2011. urtean enpresa handien bidez hasi ziren jangelak kudeatzen, eta Bizkaiko pare bat herri kenduta beste guztiak kudeaketa horren barruan sartu zirela adierazi dute. Eta bestetik, lau proiektu pilotu daude martxan, eta laurak Bizkaian. Alegiakoek, beraiena, pilotu moduan hartzea nahi zuten: «Hezkuntzak proiektu pilotu horietako biren emaitzak badituela esan digu, eta horiek direla jaso nahi zituztenak eta ez zaiela beste proiektu piloturik interesatzen».

ILUSIOZ ETA ESPERANTZAZ

«Bagenekien hasieratik zaila izango zela, baina egia da ilusioarekin geundela. Teknikariek egin ziguten txostena positiboa zen, eta sinetsi egin genuen. Esperantza genuen», dio Aizpuruak. Azkenean, «erabakia teknikoa baino politikoa da, eta guk gure esku dagoena behintzat egin dugu», gaineratu du.

Jende eta herri asko mugitu dela gai honen inguruan diote, eta hezkuntza ere jakitun dela. Deialdi berria egitekoak dira hezkuntzatik, eta Alegiako gurasoek zain jarraituko dute «zirrikitu horiei begira», eredu berria lortu arte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!