Ikasleei zuzendutako grafiti tailerra antolatu dute, Alegian

Eskola atzeko patioari itxura berria emateko antolatu du Iturri Zahar Guraso Elkarteak

Aurten ere Iturri Zahar Guraso Elkarteak, Lehen Hezkuntzako ikasleentzat, grafiti ikastaroa antolatu du GKo Galleryko Gari Muruarekin. Asmoa, atzeko patioko lurrari itxura berri bat ematea da. «Ikasle bakoitzak bi egunetan parte hartuko du. Ikasleak bi taldeetan banatuko dira eta ikastaroak bi alderdi izango ditu», azaldu dute guraso elkartetik.

Lehenengo egunean Topaketa egingo da. Taldean, grafitilariarekin egin beharreko lanak eztabaidatu eta aukeratuko dituzte. Bigarren egunean, berriz, margotze lanak burutu beharko dituzte. Ekimen honen kostua bost eurokoa izango da. Izen ematea, iturrizahar@alegiakoeskola.org emailera ikaslearen izena, ikasmaila eta kontakturako telefono bat zehaztuz idatzi beharko da.

Parte hartzaileak LH 1. mailatik LH 6. mailara bitartekoak izango dira. Topaketa egunak: ekainak 6 (lehen taldea) eta ekainak 7 (bigarren taldea). Eta grafiti egunak ekainak 11 (lehen taldea) eta ekainak 12 (bigarren taldea) izango dira. Saio guztiak 16:00etan hasiko dira.

Ohar pare bat ere jakinarazi dituzte: kanpoko ekintza denez, eguraldiaren arabera, margotze eguna atzeratu daiteke; eta arropa zaharrak eramatea gomendatzen da, garbitu ezin daitekeen pinturarekin zikindu daitezke eta. Izena emateko epea hilaren 31n bukatuko da, eta guraso elkartetik jakinarazi dutenez, epez kanpo ez dute inor onartuko.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!