Hau lantzeko Iturri Zahar Guraso Elkarteko kideez, Aralarpean Guraso Elkarteko kideez eta guraso boluntarioz osatutako talde eragile bat aritu da lanean, azken hilabeteetan. Gure eskolako jangela eredua aztertu, gurasoei galdeketa egin, inguruko jangela ereduak ezagutu, beste guraso elkarteekin hitz egin, gure sukaldariekin hitz egin, hornitzaile posibleekin bildu, eta abar.
Azkenean, jangelako proiektu bat landu dugu, non gure asmo eta eskaera bakarra bertako produktuetan oinarritutako jangela eredua den. Hau da, soilik hornitzaile aldaketa eskatzen dute, egungo langile berak eta langile horien kudeaketa bera mantenduz. Gure jangelara lehengaiak ekarriko dituena Auzolagun izan beharrean, bertako produktuak hornituko dituena bertako enpresa bat izatea.
Gure hornitzailea Lurlan izango litzateke: Tolosaldean egoitza duen Euskal Baserritarren Kooperatiba. Gure proiektuan hasiera-hasieratik argi eta garbi izan duguna da: jangelako kuota ez igotzea, hau da, bertako produktuak kontsumitzea, oraingo kostu berean.
Proiektu honek Alegialdea osatzen duten azpieskualdeko udal guztien (Orendain, Altzo, Abaltzisketa, Amezketa, Baliarrain eta Ikaztegieta) babesa izan du, baita San Juan Herri Eskola eta Aralar Institutuko Organo Gorenen babesa ere.
Proiektua Hezkuntzako jangeletako teknikariei aurkeztu ondoren, Hezkuntzari eskaera egin diogu. Horretarako Sailburuordearekin bildu gara, eta jaso dugun erantzuna ezezkoa izan da.
Beste aukeraren bat izan genezakeen aztertzen ari gara, baina oso zaila ikusten dugu gure nahia lortzea.