Sare sozial eta bideo jokoen gaineko hitzaldi praktikoa

Tolosaldeko Ataria 2019ko mai. 15a, 11:57

Alegiako Iturri Zahar guraso elkarteak eta Aralar Institutuak antolatuta, eta Emoki elkartearen eskutik, Sare sozialak, bideo jokoak eta hauen erabilpen desegokiaren ondorioz sortzen diren menpekotasunak hitzaldia izango da, gaur, 18:00etan, kultur etxean. Euskarazko saioa areto nagusian izango da, eta gela batean gaztelaniazkoa.

«Gaur egun, informazio eta komunikaziorako teknologiek duten eragina, batez ere, sare sozialena, oso eraginkorra eta kudeatzeko zaila da», adierazi dute guraso elkartetik, eta gaineratu dute: «Haur eta nerabeentzat bereziki konplexua da, garapen eta ahalduntze prozesuan murgilduta daudelako. Teknologia berrien erabilpen desegokiak, ez du komunikazio zuzena eta emozioen kudeaketa errazten».

Kezka azaldu dute, haurrak eta nerabeak gero eta gazteago hasten direlako eduki digitalak kontsumitzen, sumatzen eta barneratzen. «Era kritiko batean baloratzeko gaitasunik gabe, eta era honetara, jendartean bizi ditugun arazo eta gatazkak handiagotzen ari direla ikus dezakegu», diote. «Bederatzi urterekin dagoeneko gehiengoak mugikor bat edota tablet bat izango du», esan dute. «Asko, 7 urte edo gutxiagorekin gurasoen mugikorra erabiltzen hasten dira. Eta gailu eramangarri hauek, Interneten izango dituzten lehenbiziko esperientziak eskainiko dizkiete, inolako azalpenik gabe».

Haur eta nerabeak ez daudela prest adierazi dute, «horrenbeste informazio ikusi, prozesatu, barneratu eta ulertzeko; eta are gutxiago, erabilpen egokia eta osasuntsua egiteko».

BIDEO JOKOAK

Bideo jokoei dagokienez, «gehiegizko erabilera, eduki desegokiak eta genero ikuspegia dela eta, ondorio ez osasuntsuak ematen ari direla ikusten ari gara», diote Iturri Zahar guraso elkartekoek. Azpimarratu dute: «Youtuber gamerrek modan jartzen dituzten bideo-joko asko, ez dira haur eta gazte guztientzako aproposak».

Guzti honengatik, gero eta beharrezkoagoa ikusten dute gai hauek gurasoekin lantzea; haur eta gazteen interesak, espazioa eta ideiak ezagutzeagatik, eta guraso bezala dauzkaten ardurak eta beharrak asetzeagatik.

Dei egiten diete guraso guztiei gaurko hitzaldira gerturatzeko, eta gurasoek, mugikorren, sare sozialen eta bideo jokoen inguruko erabileraren informazioa jasoko dute. Haur eta gazteek baliabide hauetaz egiten duten erabileraren inguruko hausnarketak egingo dira; genero ikuspegia kontuan hartuta eta egunerokotasunean ematen zaizkien egoera desberdinei erantzun osasuntsu posibleak eskainiz.

Aholku eta praktika onak jasotzeko aukera izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!