Alegiako eskolaren izen berria bozkatzeko aukera, gaur

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko mai. 15a, 08:11

Alegiako San Juan eskolak izena aldatzeko prozesua martxan jarria du ikasturte hasieratik, eta gaur bertan erabakiko da izen berria. 16:00etatik 17:00etara, aukeratuak izan diren sei izenen artetik gustukoena bozkatzeko mahaia jarriko baitute jolas tokian. Alegiako Herri Eskola, Txintxarri, Intxurre, Iturri Zahar, Elorripe eta Aralarpe dira azken fasera pasa diren izen proposamenak.

Guraso elkartetik jaso zuten kutsu erlijiosoa duen eta parekidea ez den San Juan izena aldatzeko proposamena. Zuzendaritza berriak proposamen horri heldu ziola adierazi du Edurne De Arriba irakasleak: «Batzorde batzuk sortu ziren proposamen ezberdinak aurrera eramateko, eta horietako bat izan da izen aldaketa batzordea. Lau bat irakaslek hartu genuen ardura hori, eta prozedura zein izan zitekeen begiratzen hasi ginen». Hasieratik garbi ikusi zuten, izenaren aldaketak, «eskola komunitate osoaren parte hartzea zekarrela berarekin», adierazi du De Arribak. Eta gurasoak ere gonbidatu zituzten batzordera, eta kide izan dituzte prozesu honetan.

Hori kontuan hartuta, prozesua diseinatu zuten fase ezberdinetan banatuta. Ikasleak, irakasleak, gurasoak eta herritarrak ere inplikatu nahi izan dituzte parte hartzean: «Eskola erakunde bat gehiago da herrian, eta pentsatu genuen herritarrek ere zeresana izango zutela».

Lehenik eta behin, ikasleekin batera eskolaren izen aldaketak zer dakarren hausnartu dute; nondik datorren eta zertan oinarritzen den erabakia: «Geletan lantzeko aukera zegoela ikusi genuen.Eskualdeko eskolen izenak nondik datozen ikertuz».



Lanketa hori egin dute ikasleek, eta izen guztiak behin zerrendatuta izen bakoitzaren jatorria asmatzen saiatu dira ikasleak, eta baita zein motatako izenak diren ere. Kategoria ezberdinetan sailkatu zituzten izenak, eta batez ere, pertsonaien izenetan jarri nahi izan zuten arreta, «izen gehienak gizonezkoetatik zetozelako, eta honek ere, beste lanketa bat egiteko aukera eman digu». Irakasleak azpimarratu du, lanketarik egin ezean, ikasleei izena aukeratzen utziz gero, gerta zitekeela futbolari ospetsu baten edo modako joko baten izenarekin geratzea.

HERRIAREN HISTORIA KONTUAN

Izenak mahai gainean jartzeko ikasleek izenen iturriak izatea bilatu dute: «Alegiako historia ezagutzea, lehen hemen zer zegoen jakitea, inguruko mendixken izenak, zein pertsonaia ospetsu dauden,... jakitea nahi genuen, eta herriko historiari buruzko liburua idatzia duen Jose Ignazio Iglesias guregana ekartzea proposatu genuen».

Ikasleak udaletxera joan ziren Unai Iraola alkatearengana, Iglesias, herri langileak, pare bat orduz eskolara hitzaldia ematera joateko baimena izan zezan. «Ikaragarri daki Alegiako historiaz, eta berak kontatutakoekin testuingurua eman diogu. Ikasleek harrera bikaina egin zioten, eta txukun ibili dira», dio De Arribak.

Ikasleen eta gurasoen izen proposamenak jaso dituzte, baina baita herriko gune ezberdinetan jarri dituzten tauletan eta online ere jaso dituzte. Guztiei galbahea pasa ostean sei izan dira aukeratuak.

Administrazioak behartzen diena, aukeratzen duten izenak, atzetik HLHI eraman beharko duela da: «Errespetuzkoa eta ganorazkoa izan behar du, baina gainerakoan askatasuna dugu prozesua parte hartzailea izan delako», argitu De Arribak.

Prozesua polita izan dela dio, eta lortutako parte hartzearekin «pozik» daude: «Online bozkatzeko aukera emateak zabaldu egin du jendearengana iristea».

Pentsatu ez duten bakarra, izen berriaren berri nola eman behar duten dela azaldu du Edurne De Arribak: «Gure webgunean, eta sare sozialetan horren berri emango dugu, eta baita eskolan dugun irratian ere. Baina, aurrerago, pentsatu egin beharko dugu noiz ospatuko dugun. Izena erabakitzen denean, edo behin eskolari izena jartzen zaionean», dio. Eta gaineratu du, «nolabait, parte hartu duen jende guztiari ordain bat eman beharra daukagu». Epealdi luzeago bat beharko dutela badakite, toki guztietan aldaketa egin, eta izen berria ofiziala izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!