Dantzarako su garra piztuta

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko mai. 10a, 19:59

Alegiako Sutarri dantza taldeak 20 urte bete ditu, eta igandean urteurren festa egingo dute. Talde txiki batekin sortu zen dantza taldea oso osasuntsu dago eta, gaur egun, 112 dantzari ditu.

Kantatzen duen herria bakarrik ez, dantzatzen duen herria ere, esan liteke, ez dela inoiz hilko. Eta hori bada Alegiaren kasua. Bizi-bizirik dago Sutarri dantza taldea, 20 urte betetzen dituen urtean. Igandean, 20. urteurren festa egingo dute, antolatu duten egitarauaren bueltan, eta, 20 urte hauen errepasoa egiteko, mahaiaren bueltan elkartzeko tartea hartu dute Nati Murua, Larraitz Balerdi, Ixone Urkiri, Irati Garmendia, Arantxa Segurola, Nagore Balda, Uxue Otamendi eta Marta Iraola dantza taldeko kideek.

Urteak atzera eginda, Tolosako Udaberri dantza taldekoak joaten ziren Alegiara, dantza erakustera. Beraiek bultzatuta, duela hogei urte, hiru-lau gurasoren artean sortu zuten herrian dantza taldea: «Dantza ikasten zutela, baina aurrera biderik ez zela ikusten, eta talde bat osatzea gomendatu ziguten Udaberrikoek, dantza kalera atera ahal izateko», azaldu du Nati Murua sortzaileetako batek.

Garai hartan, kultur etxea enpresa pribatu batek kudeatzen zuen, eta euskal dantzak berak antolatzen zituela ekarri dute gogora. Marta Iraolak dio, garai hartan Juan Mari Oiartzabal zegoela zinegotzi: «Talde bat osatzen bagenuen, udaletik ere laguntza izango genuela esan zigun. Horrela hasi ginen taldea sortzen». Andoni Gorostidi zuten Udaberri dantza taldetik joaten zitzaien irakaslea, eta, berarekin elkartuz, material sorta bat osatu zuten. «Udaletik emandako diru laguntzarekin Gipuzkoanoko jantziak egin genituen, eta horrela abiatu ginen», azaldu du Iraolak.

Alegiako dantza talde moduan sortu zuten taldea, baina, behin urte batzuk pasatuta, taldeari izena jartzeko erabakia hartu zuten. Dantza taldekoen artean lehiaketa bat antolatu zuten izena aukeratzeko, eta zozketa bidez aukeratua izan zen Sutarri izena. Nati Muruak proposatua izan zen, eta irribarre artean kontatu du: «Ni naiz izenaren jabea edo, bai, behintzat, traje polit baten jabea. Nirea izan zen aukeratua, eta oparia nik jaso nuen».

Taldea sortu eta urte pare batera, dantza irakasleak esan zien, uztera zihoala. Orduan, artean, kultur etxeak kudeatzen zuen taldea, eta irakaslearen kostua ez zuten beraiek ordaintzen. Bertan aurrera egiteko ere, dantza emateko gela alokairuan ematen zieten, baina dantza taldeak ez zuen horretarako dirurik, beraz, eskolan eskatu zuten gela, Iraolak gogora ekarri duenez. Eta, behin kultur etxearen kudeaketa, berriz ere, udalak bereganatu zuenean, orduan pasatu ziren kultur etxean ikastera. Gaur arte, bertan jarraitzen dute. Eta, irakasle aldaketa egitean, Amasa-Villabonako Oinkari dantza taldekoekin hasi ziren ikasten, Alegiako haurrak.

«Hasierako urteetan, 21 edo 27ko taldeak izan genituen, eta ondo moldatzen ginen eskolan, baina gero handitzen eta handitzen joan zen taldea», argitu du Iraolak.

Dantzaren transmisioa goraka

Herri dantzaria ote den galdetzean, ez dute zalantzarik Sutarriko dantzariek, baiezkoa erantzuteko. «Orain gero eta txikiago hasten dira, eta talde txikienetan ume kopuru handiak daude. Talde bakoitzean ia 15 ume daude, eta ikusten da etorkizuna badagoela. Esaterako, Erromeria Eguna antolatu izan denean eta, jendeak dantzatzen du, eta gustura ibiltzen gara», kontatu du Ixone Urkirik. Eta, Irati Garmendiak gehitu du: «Azken urteotan boom bat egon da dantzarekin herrian, gorakada handi bat gertatu da. Gu hasi ginenean gutxi-gutxi ginen, eta 20 urteotan izugarrizko gorakada izan du».

Orain 112 bat dantzari ditu taldeak, eta sorrerako urteetan hogeiren bueltako dantzari kopurua zuen. «Herri txiki bat izateko kopuru handia da», azpimarratu du Muruak.

Diote, gazteek ez dutela eskolaz kanpoko jarduera handirik izan eta, orduan, zegoen horretan hasten zirela. Horien artean, dantza zuten aukeran: «Eskolan jasotzen genuen aukeren berri. Izena eman, gustatu, eta bertan gelditu».

Azken urteetan Erromeria Eguna antolatu izan dute eta, Sutarriko kideen ustez, egun horrek ere lagundu die beraien eskaintza zabaltzen, eta umeak dantza ikastaroetara gerturatzen. Bestetik, ikasturtean zehar bi emanaldi eskaintzen dituzte, herriari begira irekiak, eta horrek laguntzen duelakoan daude. Familia batetik besterako ahoz ahokoaren transmisioak ere zerikusia duela uste dute.

Dantzarekin lehen kontaktua izateko aukera, gaur egun, ume-umetatik izaten dute alegiarrek. «Probatzen hasteko, hilabeteko tailer bat egiten dugu, hiru eta lau urteko haurrentzat, eta benetan ikasturte osorako bost urterekin hasten dira», azaldu du Urkirik. Azken bi urteetako kontua dela gaineratu du: «Lehen sei urterekin hasten ziren dantza ikasten, eta orain urte bat lehenagotik hasteko aukera ematen diegu».

Mutilak ezin mantendu

Azken urteetako belaunaldiak «txukun» mantentzen direla aitortu dute. «Beti huts egiten du bakarren batek, baina nahikoa jarraipen ona izaten ari dira», dio Iraolak. Hogei urteko ibilbidean, jende asko pasatu da dantza taldetik. Ez dute kalkulu zehatzik egin, baina ia herriko neska gehienak pasatuko zirela diote; mutilen kasua ezberdina da. «Hasi bai, baina bukatu ere segituan», dio Muruak. Arazo moduan planteatu du Iraolak: «Urte batean, apropos, mutilen talde bat ere antolatu genuen, baina ez zuen funtzionatu».

Txikienen taldeetan, dantza ikasten, mutil dezente dabilela diote. Baina, «batek uzten duen momentutik, katean erortzen dira taldetik», esan du Muruak. Oraindik ere, dantza mutilena ez denaren pentsaera bizirik dagoela kritikatu dute, eta horrek kalte handia egiten duela.

Badira Sutarritik atera diren dantzari mutil onak ere; batzuk Oinkari dantza taldean dabiltza. Eta Julen Rodriguezen kasua jarri dute mahai gainean. Gaur egun, Madrilera joana da, dantza garaikidea ikastera.

20 urteko ibilbidean aldaketak alor guztietan gertatu dira. Irati Garmendia da sorrera hartako ikasleetako bat, eta horrela gogoratzen du: «Gu hasi ginenean, Gipuzkoanoko dantzak baino ez genituen ikasten, eta jantziak ere horrela ziren».

Arantxa Segurolak dio, «orduan dantza bat edo bi zirela, eta «arropa aldetik ere asko ireki» dela orain. Urkirik jarraitzen du, «tradizionala beti mantentzen» dela, eta hor dagoela: «Baina, tartean, adinaren arabera estilo berriagoak sartzen dira. Ilusioa sortu du, batez ere, adin tarte batean». Larraitz Balerdik gaineratzen du: «Orain dantza garaikidearekin ere hasi gara, dantzak aldatzeko. Kanpoko mutil bat etortzen da, eta probatzen ari gara».

Dantza ezberdin egiteko eta probatzeko dela azpimarratu du Balerdik, eta gazteagoak diren Nagore Balda eta Uxue Otamendi ere probatzen hasiak dira, eta, asko egin ez badute ere, «gustura» dabiltza.

Ixone Urkiri da, nolabait esateko, ia hasieratik dabilen dantzarietako bat, hau da, hasi zenetik jarraitzen duena. Orain, dantzari izateaz gain, irakasle lanak ere egiten ditu Sutarriko gaztetxoen taldean, Larraitz Balerdirekin batera. Irakasleek ere garrantzia dute, eta, gaur egun, bost dabiltza dantza erakusten. Herrikoez gain, Oinkari dantza taldetik etortzen zaizkie Alegiara. Urkirirentzat, ezberdina baina polita da irakasle lana: «Haurrak gustuko ditut, eta gustura nabil, eta ikasi ere egiten dugu. Orduko dantza haiekin agian ez zara gogoratzen, eta berriro ikasi behar dituzu».

Duela 12 bat urte, berriz, helduen taldea sortu zuten, eta hor jarraitzen dute, dantzan. Taldeak kopurua zertxobait jaitsi badu ere, hamar pertsonen bueltan elkartzen dira.

Dantzak berarekin behar du musika, edota musikak dakar dantza. Sutarrik ez du inoiz izan musikaririk. «Hasiera hartan herriko txistulariek jotzen ziguten, edo Altzokoei esaten genien txistua jotzeko», kontatu du Iraolak. Gerora, eta irribarre artean, azaldu dute modernizatu egin zela taldea: «USB bidez jartzen dugu musika». Orain, herrian, txaranga talde bat ere badute, eta beraiei ere eskatu izan diete dantza emanaldietan abesti batzuk jotzeko. Emanaldi osoa musikariekin egiteko aukerarik ez dute. Igandeko festan ere, goizean egingo duten kalejiran, txarangaren erritmora ibiliko dira dantzan.

Badira urte batzuk, urtean zehar, bi ikuskizun eskaintzen dituztela, herriari begira. Beharrezkotzat dituzte herriko dantza taldeak bizirik jarrai dezan. «Dantzan dabilenarentzat ere beste motibazio bat da; emanaldia daukazu, eta dena eman behar duzu horretarako».

Jende asko biltzen duten emanaldiak dira, eta «nik, behintzat, emanaldietan disfrutatu egiten dut; jende asko ikusten duzu, eta poztu egiten zara», dio Nagore Baldak. Eta, Muruak hartu du hitza: «Niri alderantziz gertatzen zitzaidan. Oso urduri jartzen naiz jende aurrean dantza egiteko». Uxue Otamendik jarraitu du, eta urte guztian egindako lana «jendeak ikusteak», pozten duela dio; baita «etxera joan, eta oso ondo egin dugula esateak» ere. Jendeak horrelako emanaldiak eskertzen dituelakoan daude, eta herritarrek erantzun ona ematen diotela diote.

Dantza gustuko duenak, eta gehiago nahi duenak, herrikoaz gain, Amasa-Villbonako Oinkari dantza taldean du aukera. Batek baino gehiagok egin du bide hori.

Galtzak apurtzea, dantzariren bati agertokira igo behar duela ahaztea, edo musika ekipoak egiten ez duela geratzea bizitu dituzte. Herriko musika ekipoak dezentetan huts egin diela diote, baina inoiz ez dira geratu dantza egin gabe. Gabonetan gertatua ekarri dute gogora: «Umeekin emanaldia egiten ari ginen plazan eta, momentu batean, musikarik gabe geratu ginen. Jendea abesten hasi zen, eta horrela bukatu genuen dantza».

Herritik kanpora

Azken urteetan Bedaiora eta Aldabara baino ez dira ateratzen, Sutarriko dantzariak. «Gertuko jendea da. Dantzan dabilen jendearen bitartez joaten gara bertara». Beraiek ez dute dantza talderik, eta Alegiara mugitzen dira, dantza ikastera. Urkiriren ustez, «batzuei agian ez, baina bertakoei ere beraien herrian dantza egiteak ilusio gehiago sortzen die».

Garai batean herri ezberdinetan egiten diren dantzari txiki egunetara ateratzen ziren Sutarri taldekoak ere, baina, taldea osatzeko lanak izaten zituztenez, herritik ateratzeari utzi egin zioten.

Kideen ustez, alaitasuna, bizitasuna, kolorea... ematen dizkio Sutarrik herriari. Dantza taldeaz aparte, festaren bat antolatzen denean, herriko dantzariak dantzara ateratzen dira, eta parte hartzen dute giroa jarriz. Muruak azpimarratu du: «Duela urte batzuk ez bezala, herrian erromeriaren bat denean jendea dantzan hasten da, eta plaza jende gaztez beteta ikusten duzu». Urkirik adierazi du, helduagoak dantzan hastera ere bultzatzen dituztela: «Inor ez bada dantzan hasten, helduei errespetu gehiago ematen die dantzan hasteak eta, gazteagoak hasten bagara, beraiek ere errazago animatzen dira».

Sorrerako hiru gurasok dantza taldearen kudeaketarekin jarraitzen dute, eta ez dute ia hitzik Sutarrik zer ematen dien esateko. «Gauza handi bat» dela diote. Bizitzaren zati dute. Eta, belaunaldi berrientzat, berriz, Sutarriren etorkizuna ziurtatuko duten gazteentzat, «abantaila handia da, gure zaletasuna herrian bertan izatea».

Hogei urte bete dituzte, baina herriko gazte eta, batez ere, helduei gogorarazi nahi izan diete, ateak zabalik dituztela. Azken bi urteetan, helduei begirako tailerrak egin dituzte, eta bertan gustura aritzen direla aitortu arren, «kosta egiten zaie taldean sartzea». Jendaurrean aritzera animatu nahi dituzte. Baina, Segurolak onartu du, taldean zaharrenetakoak direla, eta kosta egiten zaiela gazteago direnei jarraitzea: «Eta horrek atzera botatzen gaitu».

Prest dute guztia, iganderako. 11:30ean, kalejira egingo dute txarangarekin batera, herrian barrena, hainbat dantza eskainiz. Herri bazkariaren ostean, berriz, Elizagoien ahizpen eskutik izango da erromeria. Eta dantzak, beste behin, herria alaituko du. Hori bai, dantza taldetik, herritarrei kalera artzain-andrez jantzita ateratzeko deia zabaldu diete.

Duela hogei urte dantzarako grina piztu zuten su printzek piztuta jarrai dezaten, lanean jarraituko dute Alegian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!