Alegian Sutarrik emango die hasiera udaberriko ekitaldiei

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko mai. 8a, 15:58

Alegiako Udalak prestatu duen kultur eskaintzan bertan behera geratu da gaur egitekoa ziren mahai ingurua; Langaurre Egunera joateko izena eman behar da.

Azkenean Sutarri dantza taldearen 20. urteurreneko festak emango dio hasiera Alegiako udaberriko kultur egitarauari, igandean. Gaur egitekoak ziren Euskal Selekzioa: gaur egun mahai ingurua, baina azken unean bertan behera geratu da, udazkenera atzeratuz.

Sanjoanak bitarte luzatuko dira ekitaldiak, eta Alegiako Iturri Zahar Guraso Elkartearen ikuskizuna gehitu behar da ekitaldi sortara. Hodei Magoaren Tutti-magia ikuskizuna antolatu dute, ostiralerako. 16:30ean, Alegiako kultur etxean izango da, doan.

Hilaren 15ean, Emoki elkartearen eskutik eta Iturri Zahar guraso elkarteak antolatuta, Sare sozialak, bideo jokoak eta hauen erabilpen desegokiaren ondorioz sortzen diren menpekotasunak hitzaldia izango da, 18:00etan, kultur etxean.

Hauez gain, Murumendirako mendi irteeraz, udako zinemaz edota sanjoanez gozatzeko aukera izango da. Ostean, herriko festak iritsiko zaizkie.

LANGAURRE EGUNA, 19AN

Azken urteetan bezala, aurten ere, Langaurre Eguna ospatuko dute, hilaren 19an. Norberak bere bazkaria eraman beharko du aurten ere. Udalak mahaiak, aulkiak eta edaria jarriko ditu eta horretarako bazkaltzera igoko den pertsona kopurua jakin behar dute. Izena emateko epea maiatzaren 12ra bitartean dago zabalik, eta Iskiña, Hilario Berri eta Jubilatuen tabernetan eta kultur etxean dauden orrietan eman beharko da. Zerrenda horietan bakarka edo taldeka eman daiteke izena eta taldeka ematen bada, taldeko kideen kopurua zehaztu beharko da.

11:30ean iaz jarri ziren habi kutxetara bisita bat egingo da. Fauna eta landare behaketa bat ere bai Aranzadi zientzia elkartearen eskutik. Ikastaro horretan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute ostirala baino lehen, kultur etxean.

Jendea Langaurrera oinez igotzea bultzatu nahi da batzordetik. Alegiako Mendi Asanbladak 09:30ean jarri du hitzordua, Tontokalen. Elkarrekin igota, 11:00etan hamaiketakoa eskainiko da. Oinez igotzeko asmoa dutenek, izena emateko orduan zehaztu beharko dute hori. «Langaurrera igotzeko modu hau leheneste aldera, oinez igotzen direnei bazkaria igotzeko garraio zerbitzua eskainiko zaie, igoera modu erosoagoan egiteko», adierazi dute udaletik.

Azkenik, egunean bertan mahaiak deskargatzeko eta kargatzeko esku bat botatzea eskatzen zaie bertaratuko direnei: «Denon laguntzarekin denbora gutxian guztia prestatu eta jasotzeko modua egingo baita». Eguraldi txarra egingo balu, festa bertan behera geratuko litzateke.

UDABERRIKO EGITARAUA

Maiatzak 12, igandea

11:30. Kalejira, herrian barrena.

14:00. Herri bazkaria.

16:30. Erromeria, Elizagoien ahizpen eskutik.

Maiatzak 15, asteazkena

18:00. Sare sozialak, bideo jokoak eta horien erabilpen desegokiaren ondorioz sortzen diren menpekotasunak, hitzaldia. Iturri Zahar guraso elkarteak antolatuta, kultur etxean.

Maiatzak 19, igandea

Langaurre Eguna.

09:30. Tontokaletik oinez abiatu. 11:00. Hamaiketakoa Langaurren. 11:30. Habia-kutxetara bisita, eta fauna eta landare behaketa.

14:00. Bazkaria.

Maiatzak 25, larunbata

Intxurre futbol taldearen denboraldi amaierako festa, plazan.

Maiatzak 26, igandea

Murumendira mendi irteera.

Ekainak 7, ostirala

22:00. Sutarri dantza taldearen ikasturte amaierako emanaldia

Elorri pilotalekuan.

Ekainak 14, ostirala

22:00. Udako zinema: Dantza

Erbeta pilotalekuan.

Ekainak 23, igandea

21:00. San Joan sua, plazan.

Ekainak 24, astelehena

San Joan eguneko eta Korputseko zahagi-ardoa, plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!