Murua eta Zabala sarituak, Matematikako Udaberriko Lehiaketan

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko mai. 6a, 19:58

Alegiako Aralar institutuko Aimar Murua Antolin (DBH4) eta Jon Zabala Murua (DBH2) ikasleak Matematikako Udaberriko Lehiaketaren irabazleen artean sailkatu dira.

Apirilaren 27an, Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultatean izan zen Udaberriko Matematika Lehiaketaren bigarren fasea, eta bertan izan ziren Aralar Institutuko ikasleak.

Euskal Herrian Udaberriko Lehiaketa izenaz ezaguna den Matematika lehiaketa da honakoa. Aralar Institutuan bertan egin zuten lehenengo faseko proba, eta bertatik sei ikasle izan ziren sailkatuak Leioako bigarren probara joateko.

Bigarren fasea egin ostean, pasa den ostiralean jakin zuten sei ikasle horietatik bi, sarituak izango direla. Maiatzaren 17an, 18:00etan, izango da sari banaketa ekitaldia Leioako Aula Magnan. Eta Ainhoa Luloaga irakasleak jakinarazi duenez: «Bertan jakingo da zehazki lortutako postuak zeintzuk diren».

Matematika ongi ikastea ikasle, guraso eta irakasleen kezketako bat izan ohi dela diote institututik: «Aralar institutuak eta EHU-UPVko Zientzia eta Teknologia Fakultateak antolatzen dugun lehiaketa honek, eta Computense unibertsitatearen laguntza duenak, tresna bat gehiago izan nahi du».

Proba honetan «zailtasun maila desberdineko buruketak erresolbitu behar izaten dituzte ikasleek, ezagunak dituzten matematikako tresnak erabiliz», argitu du Luloaga irakasleak. Ikasleek, logika, geometria, aljebra eta aritmetika jorratzen dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!