Herritarrei esker onez, konposta banatu dute Alegian

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko apirilaren 16a

Hogeita hamar bat familia inguruk egiten dute auzo konposta, Alegian, eta gaur, hilabeteetan egin duten lanaren saria jasota joan dira etxera.

Auzo konposta martxan jarri zutenetik, lehen aldiz banatu zaie konposta. Udalak horretarako prestatu dituen zakuak bete dituzte auzo konposta egiten duten bizilagunek, etxera eramateko.

2017an jarri zuten martxan proiektua, herriko hiru gune ezberdinetan banatuta: Kalebeheran, Kalegoran eta Larraitz auzoan. Izena emana duten herritarrek, sortzen duten materia organikoa bertara eramaten dute. Alegiako Udala arduratzen da organiko horren kudeaketaz, eta gaur ikusi dute horren emaitza: konposta.

Ekitaldian izan dira Unai Iraola alkatea eta Beñat Bergara ingurumen teknikaria. Banaketarekin, eskerrak eman nahi izan dizkiete auzo konposta proiektuan parte hartzen duten herritarrei, eta honekin, emaitza zein den ikusteko aukera izan dute. Bergarak, azalpenak eman dizkie, beraiek egin duten konposta jasotzera joan diren herritarrei: "Gutxi gorabehera 6-7 hilabete behar ditu organikoak konpostean bilakatzeko. Alegian, urtean, kalkulatzen da 12.000 bat tona organiko biltzen dugula, eta bataz beste, konpostean ere antzeko kopurua lortzen da".

Kalitate oneko konposta dela ziurtatzeko, analisiak egin dizkiote atera den konpostari, eta "nekazaritza ekologikoan erabiltzeko modukoa" atera dela nabarmendu du Bergarak.

Herritarrek nahi izanez gero, oraindik, izena eman dezakete auzo konposta egiteko.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!