Erabilera publikoa izango duten aparkaleku berriak egin dituzte

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko api. 12a, 19:59

Alegiako Udalak, Amezketara bidean, jatorriz Ederfil Becker enpresarena den lur zati bat egokitu du aparkaleku moduan erabiltzeko. Erabilera publikoa izango duen eremua izango da.

Enpresak, 2015ean, handitze obra batzuk egin zituen, eta udalak hirigintza hitzarmen bat sinatu zuen Alegiako Ederfil Becker enpresarekin. «Beraiek errepidez beste aldera egin zituzten lan horiekin, nolabaiteko konpentsazio urbanistiko moduan adostu zen, eremu hau aparkaleku moduan egokitzearena», azaldu du Unai Iraola alkateak.

2015ean adostutako lanak ia bukatzear daude. Asfaltatu egin dute eremua, eta kamioientzako eta autoentzako aparkalekuak jarri dituzte, oinarrizko azpiegiturak jarriz. Alde batetik, enpresaren beraren jarduera industrialerako erabilgarriak izango dira kamioiei zuzendutako aparkalekuak. Eta langileek autoen aparkalekuak erabiltzeko modua izango dute, baina, puntualki hor bertan aparkatzeko beharra suertatzen zaion edonork ere erabiltzeko aukera izango luke.

Lan horiek Alegiako Udalari ez diote kostu ekonomikorik eragin. Sinatutako hirigintza hitzarmenean jaso bezala, lan guztiak enpresak bere gain hartu behar izan ditu. Udalak, soilik, tramitazioak bideratu ditu. Hitzarmenaren ostean, eta behin lanak amaituta: «Udalak bere gain hartuko du eremua, edo udalari enpresak pasatuko dion lur eremua izango da, eta erabilera publikoa izango du», argitu du Iraolak.

Lan horiekin, Alegiako herri sarrera ere txukundu dutela adierazi du Iraolak. Eta, gaineratu du, lan hauek zetozela kontuan hartuta, udalak hor inguruko beste lur sail batzuk erosi ditu; hilerri zaharraren inguruko lurrak, errota aldekoak eta errepide zaharreko eremua. «Orain, esan dezakegu, eremu osoa Alegiako Udalaren jabetzan dagoela».

Egokitutakoaz aparte, eremu guztiari erabilera berriak emateko ideiak darabiltzatela argitu du, gaur egungo alkateak, baina hauteskundeak gainean daudela ikusita, hurrengo legealdiko taldearen ideiek eta gogoak markatuko dutela zer egingo den. «Eremu osoa udalarena izanik, erabilera publikorako prestatuko da, eta udal taldeak baliabideak izango ditu bere proiektuak aurrera eramateko».

Ideiak izan badituzte, Alegia inguratuko lukeen bidegorri bat hortik pasatzea, urbanizatu gabe geratu den zatian autokarabana aparkaleku bat egitea, edo aisialdirako gunea sortzea.

Bukatzeko, nabarmendu nahi izan du, beti saiatu izan direla Gipuzkoako Foru Aldundiarekin autoen eta kamioien abiadura moteltzeko neurriak hartzen: «Iruditzen zaigu, batez ere, Amezketarako bidean bizi direnekiko, eta dagoen aktibitate eta trafiko kopuruarekiko, garrantzitsua litzatekeela segurtasuna bermatzeko neurri zuzentzaileak hartzen joatea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!