Akuarelaz pintatutako momentuak

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko api. 11a, 19:58

Alegiako Erretirodunen tabernan Maria Jose Labourdique billabonatarrak margotutako koadroak daude ikusgai; apirilaren amaierara bitarte bertan egongo dira.

Alegiako Erretirodunen tabernako paretek hitz egingo balute, gauza asko izango lituzkete esateko. Eguneroko joan-etorriak ikusteaz gain, pareta horiek urtetan izan dira, koadro eusle.

Egile ugariren erakusleiho da Alegiako plazan dagoen taberna, eta, oraingoan, Maria Jose Labourdiqueren akuarelaz egindako koadroen txanda da.

Hilabete amaiera bitarte egongo dira, bisitarien zain. Labourdique Baionan jaio bazen ere, duela ia 50 urtetik, Amasa-Villabonan bizi da. Akuarela du gustuko, eta koadroetarako bere argazkiekin lan egitea gustatzen zaio: «Senarrak argazki asko ateratzen ditu bidaietan, eta bera da nire iturria. Bestela, interneten bilatzen ditut».

Koadro asko ditu pilatuta etxean, eta saltzeko ez du arazorik. Gustukoren bat izanez gero, erosteko aukera eskaintzen du billabonatarrak.

Maria Jose Labourdique margolariari elkarrizketa

Noiz hasi zinen koadroak pintatzen?

2006-2007 urtean hasi nintzen. Gabonetako txartelak-eta pintatzen nituen, Kutxako pintura ikastaro batean izena eman nuen arte. Niri akuarela gustatzen zait, eta ez daude akuarelakin lan egiten duten asko. Urte batzuz aritu nintzen, Donostian Katalina de Erauso Arte Elkartearen berri izan nuen arte.

Bertara joaten hasi zinen?

Bai. Bertan talde batekin aritzen naiz, eta akuarela bakarrik erabiltzen dugu. Eduardo Saldaña akuarela-margolaria da, eta berak gidatzen du taldea.

Zergatik aukeratu zenuen pintura?

Betidanik gustatu izan zait, baina ez neukan denborarik pinturari eskaintzeko. Beti esaten nuen, erretiroa hartzean hasiko nintzela, eta horrela hasi nintzen.

Zer ematen dizu margotzeak?

Egunerokotasunetik ihes egiteko aukera ematen dit. Era berean, erronka bat da niretzat. Argi eta itzalak margotzea gustatzen zait; lainoa. Eta, batzuetan, modeloen gogo aldarteak harrapatu nahi izatea ere bada.

Beraz, akuarela duzu gustuko.

Bai. Esan izan didate olioa edo akrilikoa probatzeko, baina ez dut nahi. Ni akuarelak erakartzen nau. Ez dut besterik probatu nahi. Urarekin jolastea da gustatzen zaidana.

Oraindik ere Donostiako akuarela tailerrera joaten zara.

Bai. Oraindik ere ikasten jarraitu beharra daukat eta, gero, taldean egoteak ere laguntzen du. Lantzeko gaiak jartzen ditugu, eta taldean hizketan aritzea pizgarria da.

Etxean pintatzen duzu?

Ia egunero. Batzuetan goizetan bakarrik eta, beste batzuetan arratsaldean ere jarraitzen dut.

Alegian erakusketa jarri duzu. Gustatzen zaizu jendeak zure lanak ikustea?

Bai, bai. Trastelekuan pilatuta edukitzea baino hobe da. Horrela, lokal edo taberna bat apaintzen dute, eta jendeak ikusten ditu. Eta jendearen iritziak jasotzea ere gustatzen zait.

Orain zein koadro duzu esku artean?

Elurrez tapatutako belar meta batzuekin ari naiz. Irakasleak jarritako lan bat da. Eta, egin dudan azkena, berriz, Asteasun abandonatuta dagoen erretako kotxe bat izan da. Kolore askorekin jolasteko aukera eman dit.

Zenbat denbora behar duzu koadro bat bukatutzat emateko ?

Gaiak asko erakartzen banau, eta goiz eta arratsalde aritzen banaiz, bi egun nahikoa ditut. Normalean, astebete baino lehen bukatzen ditut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!