'Oinatzak' lan berria, gaur, Elizpe zineman

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko api. 5a, 09:00

Alegiako Sutarri dantza taldeak, azken hiru-lau urteetan egin moduan, gaur, Oinatzak ikuskizun berria estreinatuko du, Elizpe zineman.

Gabonen aurretik jartzen dira ikuskizun berriari begira lanean, baina, Eneritz Ugartemendia irakasleak azaldu du, Gabonetatik bueltan hasten direla gogor entseguekin.

«Ikasturte amaierako emanaldiaz aparte, taldeko gazteei beste plaza bat eman asmoz hasi ginen beste saio bat sortzen», esan du Ugartemendiak. Urtero, Aste Santuen aurretik eskaintzen dute saioa. 36 dantzari inguru hartuko ditu, gaur, Elizpe zinemako oholtzak. «Saio hau, orokorrean, gazte helduenentzat izaten da, hau da, DBHn dauden ikasleentzat», argitu du Ugartemendiak. Maila bakoitzak bere entsegu egunak izaten dituela dio, eta beren dantzak ikasi behar izaten dituztela. Gero, bi irakasleren arteko lana izaten da, guztia koordinatzearena.

Ikastetxeekin batera hasten dute ikasturtea, Sutarrin: «Aurrena, udan gogortutako hankak berotzeko aprobetxatzen dugu, eta gero hasten gara emanaldiari begira lanean».

Dantza tradizionalari eusten saiatzen dira, «ikasleek ere jakin dezaten egiten ditugun dantza berritzaileago horiek nondik datozen», kontatu du Ugartemendiak. «Gero, koreografia berritzaileagoak sortzen saiatzen gara, musika berriarekin, jendearentzako ere berria izan dadin. Pixka bat denetik uztartzen dugu», gaineratu du irakasleak. «Helduago egiten doazen heinean, nik uste dut, berriz ere, tradizionalari xarma hartzen diotela. Baina, hor badago adin tarte bat, koreografiak egin nahi izaten dituztena». Horrelako emanaldiak «erakargarri» egiten zaizkiela dio Ugartemendiak, eta «beraien gustuko dantzaren bat egiteko aukera» ematen diete, «eta gaztetxoek gustura hartzen dituzte honelako ikuskizunak».

Arrakasta izan ohi du, eta txiki geratu ohi da zinema: «Urtetik urtera, nik uste dut, jendeak ohitura hartu duela joateko», nabarmendu du, eta «alde horretatik oso gustura gaude».

«Dantzariek esfortzu eta lan handia egin dute gaurko emanaldia prestatzeko eta, beraien entsegu orduez aparte ere, mareatu ditugu pixka bat. Hainbeste gogorekin prestatu duten emanaldiari, publikoak ere gogoz erantzuten badio, beraientzat poz bikoitza izango da», azpimarratu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!