Ehiztariekin bildu ostean, balorazioa egin du udalak

Ataria 2019ko martxoaren 29a

Aldaba Txikiko erabilera arautzeko ordenantzan «moldaketa puntual» batzuk egiteko konpromisoa hartu du.

Alegiako Udalak martxoaren 26an ehiztarien kolektiboarekin Alegiako udaletxean egindako bilera irekian jorratutakoaren berri eman du, ohar batean.

Udalak onartu berri duen Aldaba Txiki Onura Publikoko Mendiko Ordenantzaren inguruan ehiztarien kolektiboak azaldu dituen kezkak eta zalantzak entzun ondoren, eta haiekin bileran bildu eta gero, araudiaren «moldaketa puntual» batzuk egiteko konpromisoa hartu du udalak. Aldi berean, Alegiako Udalaren eskumenekoak diren Aldaba Txiki Onura Publikoko Mendiko eta Langaurreko Aisialdi Guneko erabiltzaile guztien eskubideak eta segurtasuna bermatzeko konpromisoa berretsi du. «Mendia guztiona den neurrian, jarduera ezberdinen arteko oreka ezinbestekoa delako», esan du argitara emandako oharrean udalak.

Azkenik, indarrean dagoen ordenantza arautzailea betearazten jarraituko duela ere jakinarazi du Alegiako Udalak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!