Neurri handiko Espainiako bandera jartzera behartu dituzte

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko martxoaren 27a

Egun batzuk pasa dira Alegiako udaletxeko balkoian Espainiako bandera handi bat agertu zenetik. Udala udaletxearen tamainara egokitzen den neurrietako bandera jartzera behartu dutela salatu dute udal ordezkariek.

Duela urte batzuk gertatu moduan, badirudi, berriz ere, udaletxe batzuetara bandera espainiarra jartzeko aginduak iristen hasi direla. Kasu hori da Alegiakoa, eta izan beharreko neurria, eta lotu gabe, hau da, airean ibili behar duela dio aginduak.

Alegiako udal taldeak, bando bidez, herritar guztiei jakinarazi die gertatutakoa: «Bandera espainiarraren inposizioagatik behartuak izan gara udaletxeko balkoian tamaina horretako bandera jartzera».

Inposizioa, «isun eta gaitasungabetze mehatxuekin lotuta dagoela» argitu nahi izan dute, eta «espainiar gobernu ordezkaritzaren eta epaitegien jarrera» salatu dute udal taldeko ordezkariek, eta «nahiz eta egoera honen aurrean bandera jartzera behartuak sentitu, hala ere, geurea ez den sinbolo hau gure erakundeetatik kentzeko lanean jarraituko dugu».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!