Aldaba Txikin ehiza debekatzea "tamalgarritzat" jo dute federaziotik

Tolosaldeko Ataria 2019ko mar. 20a, 19:57

Alegiako Udalak martxoaren 26an batzar informatiboa egingo du, Gipuzkoako Ehiza Federakuntzak zabaldutako "informazio ez zehatzaren" inguruko argibide batzuk emateko.

Gipuzkoako Ehiza Federakuntzak "tamalgarritzat" jo du Alegiako Udalaren ekimena, "Aldaba Txiki mendian ehiza modu generikoan debekatuz". Federaziotik azaldu dutenez, "deklarazio instituzionaletik asko duen neurria da, baina eraginkortasun gutxikoa, udalak ez baitauka materia zinetikoan eskumenik". Materia zinetikoa ehizaren arteari deitzen zaio.

Aldi berean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera ere tamalgarria izan dela esan dute federaziotik: "Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, eta gaiaren ezagutza izanagatik, federazioari ez informazioa pasatzeagatik".

Ehizaren aurkako "beste gertaera bat gehiago da" federazioarentzat. Donostiako Ulia mendian gertatuarekin egiten dute ondoren lotura: "Tolosaldeara zabaldu da Uliakoa. Kasu honetan EH Bilduk gobernatzen duen udal baten aldetik. Ehiza egitea guztiz legezkoa den eremu batean debekua jarriz".

Amaitzeko, maiatzaren 5ean egingo duten manifestaziora joateko deialdia zabaltzen dute Gipuzkoako Ehiza Federakuntzatik: "Politikoak euren lekuan jartzeko garaia da, eta hilaren 5ean oso argi esango diegu hori".

Alegiako Udalaren adierazpena

Alegiako Udalak jakinarazi duenez martxoaren 26an batzar informatibo bat egingo da udaletxean, 18:00etan. Bertara interesatu guztiak deitu ditu, eta argibide batzuk eman nahi dituela gaineratu du, "azken egunetan Gipuzkoako Ehiza Federazioak zabaldutako informazio ez zehatzaren inguruan".

Alegiako Udalak onartu berri duen Aldaba Txiki Onura Publikoko Mendiko Ordenantzaren inguruan ondorengoa azaldu dute udaletik: "Aipatu eremuan garatu daitezkeen jarduera ezberdinen erregulazioa onartu da, horien artean ehiza erregimena. Erregimen horretan izaera orokorrarekin ehiza debekatzen bada ere, gaitasun egokia duten pertsonei eta Gipuzkoako Foru Aldundiak araututako eta ahalbidetutako baldintzetan, baimentzen dela esaten da". Zehaztapen hauekin, Alegiako Udalak, Gipuzkoako Ehiza Federazioak zabaldutako informazioak sortu duen zalaparta baretzea espero du.

Hala ere, interesatuak martxoaren 26an, asteartea, 18:00etan Alegiako udaletxean egingo den batzar informatibora gonbidatzen ditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!