Karakorumeko neskek ikasi ahal izateko dirua bildu nahi dute

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko otsailaren 19a

Duela astebete izan zen Alberto Iñurrategi mendigoizalea Alegian, Porrotaren alde proiekzioa eskaintzen. Iñurrategik harreman zuzena du Pakistanen lanean urteak daramatzan Baltistan Fundazioarekin, eta Alegiako Mendi Asanbladak elkarlaneko ekimen bat sustatu nahi du.

Pakistango Karakorum mendikatean kokatzen den Hushe eskualdean bizi diren neskak eskolaratzen laguntzeko ekimena da. 50 euroko bonuak daude salgai, eta bonu horietako bakoitzarekin ikasle baten urte osoko gastuak ordaintzen dituzte.

Mendi asanbladak laguntzeko interesa dutenei modu ezberdinak jarri dizkie eskura. Bonu osoak erosteko aukera dago, 50 euro jarriz. Edo bestela, bost euroko ekarpenak egin daitezke. Lortzen dituzten ekarpenak batuta, bonuak erosten ahaleginduko dira. Mendi asanbladatik jakinarazi dutenez, ekarpena egin nahi duenak, asanbladako kide diren Ainara, Eider edo Olatzekin jarri beharko du harremanetan, edo ekarpena zuzenean Kutxabankeko kontu zenbakian sartu dezake: ES76 2095 5020 0091 1611 7173.

Alegiako Mendi Asanbladako kideek aldez aurretik eskerrak eman nahi dizkiete laguntzera animatzen diren herritarrei.

Baltistan Fundazioari buruzko informazio gehiago nahi duenak, www.baltistan.eus webgunean du eskura.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!