Ez da lortu duzun lehenengo Euskadiko Txapelketa, ezta?
Hiru aldiz irabazi dut, bi urtez kadete mailan eta beste behin jubenil mailan. Iaz, jubenil mailan, hirugarren egin nuen.
Igandean jokatu zen aurtengoa, Ordizian. Nola izan zen lasterketa?
Denak batera atera ginen, baina gero erritmo aldaketak izan ziren, eta aurrera egin nuen bakarrik. Gogorra izan zen, hotzarengatik eta elurragatik, eta ibilbidea urez eta oso lokaztuta zegoelako.
Donostiako eta Zornotzako krosak irabazi zenituen urtarrilean. Donostiakoan ere eguraldi txarra egin zuen.
Orokorrean bai, baina gure proban zorte ona izan genuen, eta eguzkia atera zitzaigun. Junior mailakoekin batera atera ginen eta, tarte batean, ibilbide bera genuen. Galiziako atleta batzuk etorri ziren, eta beraiekin egin nuen lasterketa, eta nahiko ondo joan zen. Zornotzakoan ibilbide bera genuen juniorrek eta jubenilek, eta beste mailakoak azkarrago ibili ziren, eta ez nintzen beraien parean ibili, baina oso gustura nago emaitzarekin.
Krosetan aurrean ibiltzen direnak ezagutuko dituzu, ezta?
Bagaude nahiko berdintsu ibiltzen garen hiru edo lau atleta, baina aurtengo denboraldian nik hartu diet aurre. Elgoibarko krosean ezin izan nuen parte hartu, gaixo nengoelako, eta ez dut uste irabaziko nuenik, baina postu on bat egiteko aukerak izango nituzkeen. Lehengo urtean baino askoz ere indartsuago sentitu naiz aurtengo denboraldian. Ez dakit Euskadiko Txapelketa etxetik gertu egin dugulako izan den, izan ere, lagunak dauzkazu zu animatzen. Baina nahiko ondo joan da, lehengo urtean baino askoz hobeto.
Zer falta zaizu kroseko denboraldian?
Martxoa hasieran Euskadiko selekzioarekin Espainiako Txapelketa jokatuko dut. Nahiko ezagunak dira aurrean geratzen direnak, eta nolabaiteko erreferentzia bat ere badaukat. Horien atzean geratzea da asmoa. Irabaztea oso zaila da, baina amestea behintzat posible da.
Eta, kros denboraldia bukatu eta gero?
Gero pistan arituko naiz, 1.500 metrotako proban, eta Espainiako gutxienekoa lortu nahi dut, txapelketan parte hartu ahal izateko.
Beste kirol batzuetan ere lehiatzen zara, ezta?
Igeriketan eta triatloian. Igeriketan Espainiako txapelketetan izan naiz, baina ez diot, azkenaldian, garrantzi handirik ematen. Triatloian, iaz, Iruñeko Saltoki taldearekin, Espainiako Txapelketan podiuma egin genuen.
Nolatan ari zara lehiatzen Nafarroako talde batekin?
Espainiako selekzioak antolatzen dituen denbora-neurketa saioetan parte hartu nuen. Euskal Herrian egin nuen, eta Saltokikoek ikusi zuten lehenengo neska izan nintzela, eta bigarrenari tarte handia atera niola. Deitu egin zidaten taldean sartuko ote nintzen galdetzeko,eta baiezkoa esan nien.
Eta noiz ariko zara triatloian lehiatzen?
Duatloiko txapelketa Huelvan dut, martxoan, baina gehiago zentratzen naiz triatloian, eta uda aldera izaten dira txapelketak. Aurten banakako txapelketetan ere parte hartu nahi dut.
Elkarrizketa osoa entzuteko: