'Bakarka' diskoa aurkeztuko du Ruper Ordorikak, Alegian

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko urt. 23a, 13:02
San Juan eskolako ikasleek osatu dute Kazakhstan herrialdeari buruzko erakusketa.

Alegiako Udalak gogotsu hasi du urtea, eta lehen lau hilabeteetarako kultur egitaraua aurkeztu du. Hasteko, San Juan eskolako ikasleek Kazakhstani buruzko erakusketa egin dute. Kultur etxean jarri dute herritarrek bisitatu dezaten.

Indartsu hasteko, ostiralean Ruper Ordorika oñatiarraren doinuek hartuko dute Elizpe zinema. Bakarka disko berriarekin etorriko da Alegiara, eta hamabi abestiz osatutako diskoa da bere azken lana. Bere ibilbideko hamabi abesti dira, asko entzunak, baina lehen aldiz gitarra hutsez abestuak. Sarrerak 12 euroan daude salgai kultur etxean. Kontzertua 22:00etan hasiko da.

Otsailean nabarmentzekoetako hitzorduetako bat Alberto Iñurrategi mendizalearen bisita izango da. Hamalau zortzimilakoak oxigenorik gabe igo dituen aretxabaletarrak Porrotaren alde hitzaldi-proiekzioa eskainiko du otsailaren 12an, kultur etxean.

Honen aurretik, ordea, Santa Ageda bezperan ez du hutsik egingo Txintxarri abesbatzak. Makilak eskuan hartu, eta 19:00etatik aurrera kantuan ibiliko dira.

Gainera, umeek hilabetero izango dute ipuin kontaketa saio bat Baleube taldearen eskutik. Haur eta helduentzako antzerkiek ere izango dute tartea. Zahagiardoan eztarria bustitzeko aukera ere izango da, eta baita dantzaz gozatzekoa ere. Bi urtetik behin bizitzen den euskararen aldeko Korrika apirilaren 13an 05:15ean sartuko da Alegiara.

XOXOTERA IRTEERA, IGANDEAN

Alegiako Mendi Asanbladak urteko lehen mendi irteera egingo du Xoxotera, igandean. Izarraitz inguruan ibiliko dira, eta 09:00etan Tonto kaletik abiatuko dira autoetan. Attolara joan, eta bertatik egingo dute Xoxoterako bidea. Izena eman nahi duenak kultur etxean edo alegiakomendiasanblada@gmail.com helbidera idatzita eman dezake. Eguerdian etxera itzuliko dira.


NEGUKO KULTUR EGITARAUA

Urtarrilak 21etik otsailak 1era

San Juan eskolako ikasleak egindako Kazakhstan herrialdeari buruzko erakusketa, kultur etxean.

Urtarrilak 25, ostirala

22:00. Ruper Ordorikaren kontzertua, Elizpe zineman.

Urtarrilak 27, igandea

09:00. Mendi irteera egingo dute Xoxotera (Izarraitz). Autoetan egingo da joan-etorria eta bazkal ordurako buelta.

Urtarrilak 31, osteguna

17:00. Ipuin kontaketa: Baleube taldearen eskutik, liburutegian.

Otsailak 4, astelehena

19:00.Txintxarri Abesbatza kantari Santa Ageda bezperan, kaleetan barrena.

Otsailak 12, asteartea

19:00. Alberto Iñurrategiren proiekzioa: Porrotaren alde. Kultur etxean.

Otsailak 21, osteguna

17:00. Ipuin kontaketa: Baleube taldea liburutegian.

Otsailak 22, ostirala

22:00. Aire hemendik! antzerkia Intujai teatroren eskutik Elizpe zineman.

Martxoak 3, igandea

Inauterietako zahagiardoa plazan.

Martxoak 8, osteguna

Emakumeen Nazioarteko Eguna.

Martxoak 11 eta 25 eta apirilak 5 eta 8

16:00. Haurren dantza tailerra. HH3 eta HH4ko ikasleentzat, kultur etxean.

Martxoak 23, larunbata

17:00. Mari eta gaileta fabrika, Haurrentzako antzerkia Eidabe taldea. Elizpe zinean.

Martxoak 28, osteguna

17:00. Ipuin kontaketa Baleube taldearekin, liburutegian.

Martxoak 31, igandea

Mendi irteera egingo dute Oamendira (Zerain).

Apirilak 5, ostirala

22:00. Oinatzak ikuskizunaren estreinaldia. Sutarri dantza taldearen eskutik, Elizpe zineman.

Apirilak 12, ostirala

17:00. Dantza ikastaroko haurren emanaldia, kultur etxean.

Apirilak 13, larunbata

05:15. Korrika 21 iritsiko da Alegiara Tolosa aldetik.

Apirilak 21, igandea

Pazko eguneko zahagiardoa plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!