Saharako errefuxiatuen kanpamenduetarako elikagai bilketa hastear da

Ataria 2019ko urtarrilaren 15a

Tolosaldea Sahararekin elkarteak antolatuta Saharara bidaltzeko elikagai eta produktu bilketa egingo da eskualde mailan, eta Alegiak ere bat egiten du ekimenarekin. Urtero gauzatzen den ekimena da eta hilaren 21etik 30era bitartean egingo da.

Ohiko moduan, herritarrek elikagai edo produktuak utzi ahal izateko puntu ezberdinak izango dituzte herrian, eta Alegiako Udalak herritarrak ekimen honetan parte hartzera animatzen ditu.

Bi ikastetxeetan utzi ahal izango dira elikagaiak. San Juan ikastetxeak eta Aralar institutuak ateak zabalik izango dituzte eskola ordutegian, eta bilketarako identifikatutako puntuak izango dituzte. Horrekin batera, Alegiako udaletxeko gizarte zerbitzuetako bulegoan ere utzi ahal izango dira, udaletxeko eraikineko beheko solairuan, astearte, asteazken eta ostegunetan 09:00etatik 13:00etara.

Lekaleak, hegaluzea eta sardinak oliotan, pasta, arroza, azukrea, olioa, konpresak, haur eta helduentzako pixoihalak eta eskola materialak izango dira bilduko diren produktuak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!