Alegiako Gaztetxearen urteurrenaren asteburu bereziena, gaurtik hasita

Imanol Garcia Landa 2018ko abe. 14a, 08:46

Hiru egunez ekitaldiak antolatu dituzte, tartean gaur egingo den bertso desafioa, eta biharko egun osoko egitaraua.

Alegiako Gaztetxea 31. urteurrena ospatzen ari da asteotan, eta asteburu hau egitarauaren bereziena izango da. «Ikusi genuen antolatu behar genuen egitarauaren zati indartsuena, babarrun jatea egingo genuen asteburua izan behar zuela», esan du Alex Goikoetxea Gaztetxeko kideak. «Buelta batzuk eman ondoren, atera zen ideietako bat bertso saio bat egitea izan zen». Hain justu, gaur bertan izango da saio hori, 22:30ean hasita.

Gipuzkoako herriarteko bertso txapelketa jokatu izan da Alegiako Gaztetxean, eta irabazlea Aiztondo bailarako talde bat izan zen. «Talde horren aurka desafio moduan hartu zitekeela pentsatu genuen, bertsotan ondo aritzen diren herriko bertsolariekin taldea osatuta», zehaztu du Goikoetxeak. Herriarteko formatuan izango da eta zati bat musikatua izango da. Alegiatik ariko direnak Mikel Artola, Imanol Irazustabarrena eta Iker Iriarte bertsolariak izango dira. «Bertsolaritzan badago mugimendua eskualdean, zenbait bertso eskola daude, horietako bat Gaztetxean bertan elkartzen dena, eta kultur arloan musika kontzertuez gain beste jarduera bat antolatu nahi genuen», esan du Goikoetxeak.

Biharko eguna izango da urteurreneko egun nagusia, eta egun guztirako ekitaldiak antolatu dituzte. Hasteko, 11:00etan Kalebeherako frontoiko pilota txapelketako finalak jokatuko dira. Ondoren, bertso poteoa egingo da. Bazkaria babarrun jatea izango da, Gaztetxean bertan. «Bazkal ondoren zerbait berezia sartu nahi izan dugu, eta bertako musikarien artean abesti batzuk prestatuko ditugu, karaoke estiloan», esan du Arkaitz Balda Gaztetxeko kideak. Arratsalderako txaranga izango da, 18:30ak aldera, eta gauean kontzertuak izango dira, 22:30ean hasita, The Potes, MC Onak eta Rotten XIII taldeekin.

Iganderako ere utzi dituzte zenbait ekitaldi: bakarlari baten emanaldia, mahai jokoak eta pintxo potea. «Arratsaldea lasai pasatzea da asmoa», esan du Baldak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!