Alegiako San Silbestre lasterketak bederatzigarren edizioa izango du aurtengoa. Iaz aldaketak egin zituzten ibilbidean, helduen lasterketan hiru itzuli jarriz. Aurten aldaketa horiek mantenduko dituzte, beraz, 4.380 metroko ibilbidea osatu beharko dute korrikalariek.
Ohi bezala, gaztetxoenetatik hasi eta beteranoetara bitarteko mailak izango dira, eta distantzia ezberdinak izango dituzte. Aurrebenjamin, benjamin eta alebinek lasterketa bat egingo dute eta infantil, kadete, heldu eta beteranoek beste bat.
Izena emateko epea zabalik da, abenduaren 18ra, asteartea, bitartean. Horretarako kultur etxera joan beharko da izena ematera, eta trukean kamiseta bat jasoko dute. Haurrek eta gaztetxoek eskolan izango dute izena emateko aukera. Lasterketaren egunean bertan ere egongo da izena emateko aukera, 14:30etik 15:30era udaletxeko sarreran. Behin 15:30ak pasata, ez da izena ematerik onartuko.
Mozorro onenak saria izango du eta parte hartzaile guztien artean opariak zozkatuko dira.
Dirua Mukwano-Lagun GKErentzat
Iaz bezala, aurten ere 2006tik Ugandako haurrekin lanean ari den Mukwano-Lagun Gobernuz Kanpoko Erakundearentzat izango da lasterketarekin lortutako dirua.