Urriaren 25ean hasiko da Txintxarriak Martxan ekimenaren ikasturte berria

Ataria 2018ko urriaren 18a

Urriaren 25ean jarriko da martxan berriro ere Txintxarriak Martxan ekimena. Adineko pertsonak ariketa fisikoa egitera bultzatzea eta beraien arteko harremanak sustatzea ditu helburu.

29 irteera egingo dituzte alegiarrek ekainaren 20ra bitartean Txintxarriak Martxan ekimenari esker. Ibilaldiak ostegunetan goizeko 10:30ean abiatuko dira plazatik eta ondoren hamaiketakoa egingo dute parte hartzaileek, herriko taberna ezberdinen laguntzari esker.

Aurreko denboraldietan bezala, adin tarte ezberdineko herritarrek ibilbide hainbat egiteko aukera izango dute eta irteera bakoitzean talde eta elkarte ezberdinetako kideen laguntza izango dute, hala nola, Aralar institutua, Jubilatuen elkartea, Nagusilan edo eliza. Ekimena Alegiako Udalak eta osasun zentroak elkarlanean antolatu dute denboraldi honetan ere eta Udalak eskerrak eman nahi dizkie ibilaldietan laguntza eskainiko duten elkarteei.

Beste urteetako moduan, lehendik erabiltzaile direnek beraien txartela erabiliko dute, eta ibilaldietan lehen aldiz parte hartu nahi dutenek izena emateko aukera urriaren 25ean bertan izango dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!