Lau abesbatza ariko dira larunbateko Txintxarri Egunean

Imanol Garcia Landa 2018ko urr. 18a, 10:00

Coral Betulia abesbatza izango da aurtengo gonbidatua.

Aurtengo emanaldian gonbidatu moduan Badalonako Coral Betulia ariko da.

Iritsi da berriro ere Txintxarri Eguna ospatzeko unea Alegian. Larunbat honetan, urriak 20, emanaldia antolatu dute, 19:45ean, elizan. Garbiñe Orbegozo Txintxarri Abesbatzako zuzendariak azaldu duenez, «urtero bezala, Txintxarri Eguna ospatzea gustatzen zaigu. Gure emanaldia bazkideei eskainia izaten da, gure abesbatza bazkideak dituen elkartea baita. Eta, noski, nahi duen guztia etorri daiteke kontzertua entzutera».

Azken lau urteetan egin moduan, abesbatza gonbidatu bat izango dute emanaldian. Aurtengoan Badalonako Coral Betulia izango da. Truke moduan egiten dute, Txintxarri Abesbatzakoak aurrerago Kataluniara joango baitira. «Formula polita da horrelako trukeak egitea», esan du Orbegozok.

Txintxarri Abesbatzatik hiru talde ariko dira emanaldian. Abesbatza bera, Txintxarri Txiki taldea, eta aurten berritasuna izango den Txintxarri Gaztetxoak taldea. «Aurten irailean haur dezentek eman du izena abesbatzan, eta talde polita dugu orain, 22 bat abeslarirekin. Hauek bi kanta abestuko dituzte, eta horrez gain, beste talde bat sortu dugu, eta horrek beste bi kanta abestuko ditu», esan du Orbegozok.

Izenak dioen moduan, gazteek parte hartzen dute bertan, DBH mailakoek, eta dena neskez osatuta dago. «Gogoz ari dira prestatzen, eta guretzako modu ona da gero handien taldera pasatzeko errazago izateko».

Txintxarrikoek abestuko dituzten ia abesti guztiak euskaraz izango dira, gazteen taldeak ingelesez abestuko duen kanta bat izan ezik. «Coral Betuliakoek esan ziguten katalanez abestuko zutela, tartean euskaraz abesti bat, eta guk ere horri jarraituz, eta osotasun bat emateko emanaldiari, gure tarterako euskarazko abestiak aukeratu ditugu», azaldu du Orbegozok.

Ohi bezala, Mariaje Rekondok pianoan lagunduko die Txintxarri Abesbatzakoei. «Egiten duen lana oso ona da, eta beti eskertzekoa», esan du abesbatzako zuzendariak. Emanaldiak ordubete inguru iraungo duela aurreikusten dute.

«ILUSIO HANDIAREKIN» DATOZ

Bigarrengo aldiz abestuko du Coral Betuliak Euskal Herrian, aurrekoan Tuteran izan baitzen. «Ilusio handiarekin» daudela dio Maite Forteza bertako kideak. Orain 20 urte sortu zen Betulia eskolako irakasle, guraso eta ikasleen artean. «Abesbatzen mundua oso errotua dago Katalunian», esan du Fortezak. «Ia herri guztietan izaten da abesbatzaren bat, eta hirietan batzuk izaten dira. Gure kasuan, afizionatu moduan aritzen gara».

Beste zenbait truke egin izan dituzte Coral Betuliakoek, baina ez dira hain urruti izan. «Gogoa bagenuen Euskal Herria joateko, eta proposamena jaso genuenean baiezkoa eman genuen segituan», esan du Fortezak, eta horrelako egitasmoak egitea «aberatsa» dela dio.

Kataluniako egungo egoera politikoan, musikak eta oro har kultur espresioek «garrantzia handia» dutela dio Fortezak. «Gure abesbatzak parte hartzen du preso politikoen askatasuna eskatuz egiten diren ekitaldietan. Artista eta abesbatza gehienek hartzen dute parte, eta oso intentsoa izaten ari da garai hau». Edozein ekitaldietan beti izaten dela musikaren presentzia gaineratu du Fortezak: «Bide horretatik gure kultura, hizkuntza eta herria defendatzen ditugu».

Alegian abestuko dituzten obrak katalanez izango dira, eta tartean esanahi politikoa duten abestiak daudela dio Fortezak: «Gure errepertorioan normala da horrelako abestiak izatea, aldarrikapenezkoak. Esaterako, orain 40 urteko abestiak kantatuko ditugu; orduan eskubideen defentsan konposatutakoak, eta gaur egungo egoerarako ere balio dutenak».

Euskaraz ere abestuko dute, hain justu, Maitia nun zira kanta. Aurretik beraien errepertorioan bazutela dio, ez dutela sartu bereziki Alegiako emanaldirako. Txoria txori ere abestuko dute, azken hau Txintxarri Abesbatzarekin batera. «Gure ahalegina egiten ari gara ahal bezain ondo ikasteko», esan du Fortezak, berriro ere Alegiara etortzeko duten gogoa nabarmenduz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!