Eskolako jangelan bertako produktuak kontsumitzea helburu

Imanol Garcia Landa 2018ko urr. 3a, 09:00

'Eskola jangela eredu berri bateruntz' izeneko hitzaldia antolatu dute. Kultur etxean izango da, gaur, 18:00etan hasita.

Alegiako San Juan eskolak eta Aralar institutuak jangela partekatzen dute, eta bertako guraso elkarteek bultzatuta, jangelako produktuen jatorriaren inguruan hausnarketa hasi dute. Hori horrela, hitzaldia antolatu dute, bi ikastetxeetako zuzendaritzekin eta Tolomendi Landa Garapen Elkartearekin batera. Eskola jangela eredu berri bateruntz izena du solasaldiak, eta gaur egingo da, kultur etxean, 18:00etan hasita. Hain justu, Markinako eskolan martxan duten proiektuaren berri emango du bertatik etorriko den ordezkaritza batek.

San Juan eskolako Iturri Zahar guraso elkarteko kidea den Olatz Irazustabarrenak azaldu duenez, «ekainean iritsi zen elkartera erronka, ea posible zen bertako produktuetan oinarrituta jangela izatea Alegian». Guztira 260 ikasle inguruk bazkaltzen dute jangelan, bi ikastetxeak kontuan izanik. Eusko Jaurlaritzak jarritako hiru sukaldarik prestatzen dituzte bazkariak, eta jangela zaintzeko begiraleak eta janaria Auzolagun enpresak kudeatzen ditu.

Jangela bertako produktuekin hornitzeko posible ote zen ikusteko, Villabonako Fleming ikastetxearekin jarri ziren harremanetan, horrelako proiektu bat lantzen ari direlako. Bestalde, Alegiako Udalarekin ere hitz egin zuten, eta bertatik ere egitasmoarekin ados daudela azaldu zieten. «Denoi ideia ondo iruditzen zitzaigun, baina lantzen hasi behar da, eta horregatik antolatu dugu hitzaldia», esan du Irazustabarrenak.

Jon Asurabarrena Iturri Zahar elkarteko kideak azaldu duenez, «Tolomendiren bidez Markinan egiten ari diren proiektuaren berri izateko aukera dugu». Asmoa da gairi buruz informazioa ematea, «gurasoek jakin dezaten zer egiten ari diren beste leku batzuetan, ea inplikatzen diren eta aurrera eramaten dugun proiektua. Ikusi nahi dugun gurasoen babesa zein den proiektu honekiko».

Besteak beste, Markinan, Gernikan eta Aramaion egiten ari dira horrelako proiektuak, eta Markinakoa da Alegiakoarekin antza gehien duena, bi eskola bat eginda baitituzte han ere. «Markinakoek esan digute eredu berriarekin ez dela garestitzen jangelaren kostua», esan du Irazustabarrenak.

Aralar institutuko Aralarpean guraso elkarteko kidea den Edurne Ibarbiak esan duenez, «jendeak interesa du eredu berri bat bilatzeko eta gertutasun bat izateko jaten diren produktuekin. Produktua nondik datorren ezagutu eta kudeaketa ahal den zuzenena eta gertukoena izatea bilatzen da, gardentasun hori izateko gogoa dagoela ikusten dugu guraso elkarteetatik». Bestalde, eredu berria bultzatzen ari direnak inguruko ekoizleei babesa emateko modu bat izango dela ere ikusten dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!