Ohiko parte hartze zabala izango du igandean egingo den Artisau eta Nekazal Azoka Bereziak

Imanol Garcia Landa 2018ko ira. 26a, 18:34

Hamabigarren ekitaldia izango da eta erakustokiak plazan jarriko dira 11:00etatik 14:00etara.

Igandean ospatuko da urtero udazkenaren hasieran ospatzen den Artisau eta Nekazal Azoka Berezia. Hamabigarren ekitaldia izango da aurtengoa eta ohi bezala, bete-betekoa dator. Betiko moduan, herriko artisauek eta nekazariek ekoizturiko produktuak ikusi eta erosteko aukera izango da 11:00eatik 14:00etara plazan eta erosketak egiten dituztenen artean, azokako postuetako produktuekin osaturiko sorta baten zozketa egingo da 13:30ean. Eguraldi txarra egingo balu, azoka plazan bertan mantenduko da.

Guztira 17 erakustoki izango dira azokan. Barazkiak, landareak, ogia, artisau produktu ezberdinak… Horrekin batera, betiko moduan, mokadutxo bat egiteko aukera ere eskainiko da azokan. Bai talo postuan eta baita Aralar institutuko ikasleek ikas bidaiarako dirua ateratzeko jarriko duten postuan ere. Kultura batzordeak jende azokara hurbiltzera gonbidatzen du, goiz pasa ederra egiteko aukera izango da eta.

Urriaren 3an hitzaldia
Azoka egiten dela baliatuz, urriaren 3an Eskola Jangela Eredu Berri Bateruntz izeneko hitzaldia eskainiko da 18:00etan kultur etxean. Guraso elkarteak, Tolomendik eta San Juan eta Aralar ikastetxeek elkarlanean antolatutako hitzaldia da eta jangela bertako produktuez hornitzearen inguruan ariko dira. Markinan martxan jarri dute egitasmo hori eta bertako kideak ere hitzaldian izango dira, beraien esperientzia kontatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!