«Agian, berriro ere tokatuko zaigu pixka bat ezkutuagoan ibiltzea»

Asier Imaz 2018ko ira. 26a, 08:32

Udako pilotarietako bat izan da Iñaki Artola (Alegia, 1994), Zarautz eta Lekeitioko txapelketak irabazita. Ostiralean lau t’erdiko txapelketaren aurre kanporaketa jokatuko du Azpeitian, Asier Arteagaren aurka.

Han eta hemen entzuten da Artola momentu gozoa bizitzen ari dela. Horrela al da?
Egia esan nik ere horrela bizi dut. Badira hilabete batzuk eskuetako minek errespetatzen nautela, eta partidak ere dezente jokatu ditudala. Emaitzak askotan detaileek erabakitzen dituzte. Azken aldian zortea nahikoa alde daukat, bolada luze xamar batean. Entrenamenduei eta partidei jarraikortasuna ematen ari naiz eta horrek dena gozatzen du.


Udan, Asegarce salbatu duen pilotaria zu izan zarela ere entzun dut.
Horiek hitz handiak dira. Partida onak egun garrantzitsuetan atera zaizkidala egia da. Bi final jokatu ditut eta egun oso onak atera zitzaizkidan. Jendeak hori ikusten du eta horrekin geratzen da. Nire sentsazioak final horiek baino lehenagokoak dira. Udan etorri zaizkidanak aukerak izan dira. Urrutikoetxea ez balitz gaixotu ez nituen aukera horiek izango, baina sentsazioak aurrez ere oraingoen antzekoak ziren.


Zure jokoan zerbait aldatu delaren sentsaziorik ba al duzu?
Diferentzia nabaritu dut, aurrerapauso bat eman dudala. Baina ez da bat-batekoa izan, pixkanakakoa baizik. Jendeari, agian, uda hasieran iruditu zaio momentu batetik bestera pausoa eman dudala, baina azken hilabete hauetan egin dut goraka, pixkanaka. Hori bai sentitu dudala. Azkenean jendeak telebistan ikusten zaitu, baina beste pilotari bat egon daiteke hirugarren partidak jokatzen eta hamar partida jarraian irabazten. Orduan, ziurrenik, ez ziren horrelako komentarioak egongo.


Iazko uda txapelketetatik kanpo pasa zenuen. Aurten hori aldatu da.
Baina ez dut gogoratzen uda txarra egin nuenik. Donostiakoan egon nintzen eta irabazi genuen. Kontua da enpresa honetan lehia handia daukagula postu horietarako. Aurten gauza batengatik edo bestearengatik txapelketetan jokatzea tokatu zait, eta partida onak atera zaizkit. Oraindik, ordea, postu horiek irabaztea zail dago. Hemendik aurrera ere, agian, berriro tokatuko zaigu pixka bat ezkutuagoan ibiltzea.


Fokuak begira ez zenituenean sentitu al duzu presiorik, edo etsipen zantzurik.  
Nahiz eta aurka egiten saiatu presio puntu bat bai sentitzen duzula; etsipenik inoiz ez. Oraindik oso gazteak gara eta normala da gorabeherak edukitzea. Denbora honetan nire jokoan bakarrik erreparatzen saiatu naiz, lehen edo bigarren mailako partida jokatzen ari nintzen begiratu gabe. Entrenamenduak eta nire jokoa, ez dut besterik izan buruan. Txapelketetatik kanpo gelditzen nintzen garai horietan ondo sentitzen nintzen entrenamenduetan, kezkarik gabe. Askotan kezka gehiago izaten da final bat jokatzera zoazenean eta jokorik gabe zaudenean, pilota eskuetatik ez zaizulako ateratzen.


Zure jokoari begira jarrita, eskuetatik pilota bizi ateratzen zaizula ikusten da. Tantoa ere erraz amaitzen duzula.  
Pilota ateratzerakoan goraka goazela nabari dut, hobekuntza izan dudala. Horrek dena errazagoa izatea ekartzen du. Azkenean dena lotuta doa, konfiantza ere handiagoa izaten da horrela. Jendearen komentarioak kuriosoak izaten dira batzuetan, parte batean egia ere badirelako: konfiantza dagoenean dena ateratzen dela diote, eta ez dagoenean ezer ez. Nire kasuan, eta besteenetan ere horrela uste dut, hori garrantzitsua da, baina jokoarekin lotuta joaten da. Fisikoki, eta batez ere eskuetatik ondo baldin bazaude, konfiantza izatea errazagoa da.


Lau t’erdikoan aurre kanporaketan jarri zaituzte. Iaz final-zortzirenak gainditu eta final-laurdenetako ligaxkan egon zinen. Azalpenik eman al dizute enpresatik?
Ez, baina beharrik ere ez. Berez postua, kakotx artean, Victor eta niri zegokigun. Baina Agirrek bigarren mailakoa irabazi ondoren bai edo bai txapelketan egon beharra dauka. Arteaga eta Laso ere hor daude. Beraz, ez dago azalpenik eman beharrik. Nik ondo ulertu dut enpresak hori egin izana; behetik hasi behar izatea.


Asier Arteagaren aurka jokatuko duzu partida hori. Aurrelari arriskutsua da lasartearra. Ez da erraza izango.  
Lehen mailako edozein aurkariren aurka partida zaila izaten da beti. Bi txapela irabazita dago, eta hori ez da kasualitatea. Uda nahiko ona egin du eta argi dago behetik gora datorren pilotaria dela. Partida ona egiten duenean edozeini irabazteko gai da. Nire ustez partida irekia izango da, jokatzeko gogorra eta polita aldi berean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!