Erakusketa solidarioa

Imanol Garcia Landa 2018ko ira. 21a, 10:23
Juan Jesus Zarrabeitia, Alegiako elizaren zimiterioan.

Margolanen erakusketa jarri du Juan Jesus Zarrabeitiak Alegiako elizaren zimiterioan, hilaren bukaera arte. Koadroen salmentatik lortutako dirua Malira bideratuko da.

Juan Jesus Zarrabeitiaren margolanak ikusgai daude Alegiako elizaren zimiterioan. Koadroak salgai ditu eta salmentatik lortutako dirua Malira bideratuko du, hain justu, Alegialdean apaiz dabilen Herve Tienou maliarraren bidez. Hilaren bukaera arte egongo da zabalik erakusketa, eta ordutegia goizez bakarrik dute: 09:00etatik 13:30era inguru arte.

Zarrabeitiak gustuko du zimiterioa eta koadroak erakusteko leku aproposa iruditzen zaio: «Inazio Landari komentatu nion hor margolanak erakusteko ideia, eta parrokoarekin hitz egin ondoren, jarri genuen erakusketa. Badirudi jendeari gustatzen zaiola nola geratu den». Zarrabeitiak uste zuena baino koadro gehiago zituen. «Etxean pilatuta izan beharrean nahiago dut erakutsi eta norbaitek erosi nahi baditu, saltzea».

Margolanen prezioak oso garestiak ez direla dio, «asmoa ahal den gehienak saltzea baita, gero Malira dirua bidaltzeko. Ez da izango kopuru handia, baina zerbait izango da». Neurriaren arabera zehaztu dituzte prezioak: 60, 40 eta 20 euro. Dagoeneko sei bat koadro saldu ditu, eta pozik dago horregatik: «Hainbeste ez ditut inoiz saldu».

Teknika ezberdinak ikusi daitezke margolanetan: akrilikoa, olioa eta arkatza. Koadroen gaiak ere askotarikoak dira. Batzuk margolan ezagunen kopiak dira, eta gehienetan, elizak, baserriak edo kaleko paisaiak daude. «Abadiñokoa naiz izatez, eta zenbait koadro han inguruko eliza eta lekukoak dira. Alegiakoak ere badaude, eta hemen ingurukoak ere bai», esan du margolariak.

Margotzea «aspaldiko ilusioa» duela dio Zarrabeitiak, baina ez zen margotzen hasi ia erretiroa hartu arte. «Beti imajinazioan margotu egiten nuen, eskua mugituz, eta azkenean ikastaro bat egitea oparitu zidaten», esan du. «Lasaitasuna» ematen dio margotzeak, eta denbora erraz pasatzen zaio horretan: «Badakizu, gustura egiten den lana, ez da lana».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!