«Publikoari zertaz hitz egin nahi diodan da garrantzitsuena niretzat»

Imanol Garcia Landa 2018ko uzt. 23a, 08:03
Asier Zabaleta dantzari, koreografo eta zuzendaria. YUDANIA FOTOGRAFIA

Alegian orain hamahiru bat urte bizi den Asier Zabaletak (Ezkio, 1972) Ertza dantza konpainia sortu zuen 2004an. Bere konpainia sortzearena zerbait naturala izan zela esan daiteke, dantzari izateaz gain bere burua beti sortzaile moduan ikusi baitu. Berriki Ertzak Max saria irabazi du Meeting Point lanarengatik. Thiago Luiz Almeida eta Caio Henrique de Souza dantzariek parte hartzen dute.

Zure lanbidearengatik Alegian egoteko aukera izaten duzu?

Zoritxarrez ez, nahi baino dezente gutxiago. Alegiatik pasa bai egunero, baina bertan bizitza oso gutxi egiten dut.

Nola definitu zaitzakegu? Dantzari, koreografo, Ertza dantza konpainiaren zuzendaria…

Dantzari izateari ez zaio uzten, nahiz eta nik agertokian dantza egiteari utzi diodan dagoeneko. Dantzaritzat hartuko dut neure burua hemendik joaten naizen arte. Baina, egia esan, azken urteotan koreografo bezala aritzen naiz gehienbat eta obrak zuzentzen ditut.

Nolatan hasi zinen dantzan?

Nire bizitza osoa dantzan irudikatzen dut. Ezkioko baserri batean jaio nintzen, eta txikitako hango oroitzapenak nire arrebarekin batera dantzan dira, Segura irratia entzunez. Gero Urretxuko ikastolan hasi nintzenean, segituan dantza klaseetan izena eman nuen eta harrezkero beti egin dut dantza. Zorionez, pasa naizen ikastola guztietan dantza zegoen aukera bezala, eta gero Donostiara bederatzi urterekin joan nintzenean, ahal nuen bezain pronto Erdizka taldean eta gero Kresala taldean ibili nintzen, nire gaztaro osoan. 19 urterekin ikusi nuen lehen dantza garaikideko ikuskizuna Victoria Eugenian, zeharo txundituta geratu nintzen eta erabaki nuen hori zela egin nahi nuena eta aste horretan bertan izena eman nuen Iñaki Landaren eskolan.

Eta zein izan zen txundituta utzi zintuen obra hori?

Zilbor hestea izan zen. Donostia inguruko dantzariak ziren denak eta koreografia ere euskal koreografo batzuk egina, tartean Iñaki Egañak. Mikel Laboaren musikan oinarrituta zegoen, maite dudana, eta beste mundu bat ireki zitzaidan, batez ere gorputzarekin eta dantzarekin espresatzeko modu berri bat. Zeharo harrituta geratu nintzen, eta gutxienez probatu egin behar nuela pentsatu nuen.

Hemeretzi urterekin pentsatu zenuen iritsi zaren lekuraino iristea?

Egia esan ez. Agian barru-barruan izango zen nahi bat, baina ezta pentsatu ere. Kuriosoa izan zen Iñaki Landarekin bere eskolan izan nuen lehenengo topaketa. Esan nion ikuskizuna ikusi nuela eta probatu egin nahi nuela. Eta berak hitz egin zidan jakingo balu bezala horretara dedikatuko nintzela. Mundu gogor bat irudikatu zidan, diziplina handikoa, ordu asko sartu behar direna, hau ez dela edozer gauza, eliteko kirola bezala dela… Eta ni esaten probatu bakarrik egin nahi nuela. Agian bazekien zerbait, intuizioren bat edo izango zuen. Aste horretan bi klase probatu nituen, eta hilabete batean eskolak ematen zituen klase guztietan parte hartzen nuen. Iñakik, nik, dantza karrera bat bezala hartzea nahi zuen, eta eskola horretan ematen zituen klase guztietan parte hartzen nuen. Urtebetean sekulako aldaketa izan zen nire bizitzan eta dantzarekiko harremanean.

Eta nola jarraitu zuen zure ibilbideak?

Arte Ederrak ikasten ari nintzen Leioan. Dantzak gero eta denbora gehiago eskatzen zidan. Gero aldundiak diru poltsa bat eskaini zidan kanpora ikastera joateko, eta Zuricheko eskola profesional batera joan nintzen. Baina ez nuen oso gustuko aurkitu eskola hori. Nik dantza garaikidea egin nahi nuen, hori oso garbi nuen, eta hor gehienbat dantza klasikoa erakusten zen, eta garaikidea astean oso ordu gutxi egiten genituen. Erabaki nuen ez nintzela han geldituko. Ikastaroa hasi nuen baina hori bukatuta etxera itzuli nintzen, eta Arte Ederrekin jarraitu nuen. Gero Bilbon hasi nintzen Muelle 3 eskolan dantza klaseak jasotzen. Eta ordu gutxirekin hasi eta ordu asko egiten bukatu nuen, eta gutxika unibertsitatea atzean gelditzen joan zen. Gero lanean hasteko aukera izan nuen: proiektu handi bat egin zen Gipuzkoan, Amets beroak obrarako audizioa egin zuten, aukeratu ninduten eta hor karrera utzi nuen, dedikazio osoa eduki behar baitzen. Eta nire asmoa lanik gabe geratzen banintzen unibertsitatera bueltatzea zen, baina gaur arte.

Une horretan zenbat urte zenituen?

20 edo 21. Esan daiteke dantzan formazio gabekoa naizela. Hasi nintzen eskolak jasotzen eta bat-batean eboluzio nahiko handia izan zen, baina ez nuen ezer bukatu. Aukera izan nuen dantzari profesional bezala hasteko obra horrekin, eta zorionez obra batetik bestera, konpainia batetik bestera ibilbide bat sortu zen, eta ez nuen inoiz gelditzeko betarik izan.

Badirudi kanpoan izaten direla aukera gehiago dantzari moduan profesionalki aritzeko. Zu Europan ere izan zara, ezta?

Sei urte Suitzan izan nintzen, Genevan, eta Alias konpainiarekin lan egin nuen. Hori izan zen Ertza konpainia sortu aurretik egin nuen lana. Han oso gustura nengoen, eta lana asko interesatzen zitzaidan, batez ere koreografoak nola lan egiten zuen dantzariekin. Dantzari bakoitzak parte hartze sakona zeukan, proposatzen, eszenak egiten… Horrela lan egin nahi nuela pentsatu nuen. Sortzeko grina beti izan dut neronek eta orduan erabaki nuen zerbait sortzea. Bakarlan bat sortu nuen, Hegotik izenekoa. Genevan bertan estreinatu nuen eta besapean ekarri nuen Euskal Herrira, zerotik ez hasteko. Horrela hasi zen Ertza.

19 urterekin erabaki zenuen dantza garaikidea ikasten hastea. Bigarren erabaki nagusia Ertza sortzea izan zen?

Nik uste dut bi horiek direla erabaki sakonenak. Suitzara joan aurretik ere Espainiako zenbait konpainietatik pasa nintzen. Gipuzkoan azkenaldian konpainia gehiago sortu dira eta oso lan interesgarriekin gainera. Ni dantzan hasi nintzenean Euskal Herrian oso gauza gutxi zeuden. Donostian A Deshoras zegoen, eta Bilbon pixka bat gehiago. Espainian konpainia asko zeuden, baina gero krisiak hainbat eraman ditu. Burgosen Hojarasca konpainiarekin, eta gero Valentzian Vicente Saezen konpainiarekin aritu nintzen. Oso lan ezberdinak izan ziren, koreografo ezberdinekin, eta saiatu nintzen bakoitzetik interesatzen zitzaidana jaso eta horrekin gelditzen.

Sortzaile izan aurretik, bizitu egin behar dela esan ohi da.

Bai. Hor izan zen beste momentu adierazgarri bat, hasierako lan hori hartzea erabaki nuenean. Justu Bartzelonako Instituto del Teatron izen ematea egina nuen dagoeneko, eta orduan aukeratu behar izan nuen ikasten jarraitu edo lan hori hartu, jakin gabe gero zer etorriko zen. Eta egia esan hartutako erabakiarekin ez naiz damutzen. Egin ditudan lan guztiak eskola ezin hobeak izan dira.

Badu arrazoi jakinik Ertza izena jartzeak zure konpainiari?

Bi arrazoi daude. Batetik, ez nuen nahi nire izena agertzea, eta orduan nire izenaren eta abizenaren azken bi letrak hartu nituen, eta horiekin jolasten hasi nintzen eta Ertza sortu zen. Eta gero, nire lana ere identifikatzen dut muga batean, antzerkia bukatzen den eta dantza hasten den, eta beste lengoaiekin kontaminatzen hasten den ertz horretan. Horregatik gustatu zitzaidan izena eta hartu egin nuen.

Hain justu, konpainiaren lana nola definituko zenukeen galdetu behar nizun.

Suitzan, Alias konpainiarekin, ikasi nuen gauza bat izan zen, sortzen hasten zarenean argi izatea zer esan nahi duzun eta zertaz hitz egin nahi duzun. Niretzat garrantzitsuena hori da, zer ideia plazaratu nahi dudan, edo zertaz hitz egin nahi diodan publikoari. Gero nola esan, ze lengoaiarekin edo zer lanabes erabili horretarako, hori atzetik dator. Niri beti gustatu zait beste kolaboratzaileekin, beste diziplinekin nahastea, eta haiengandik ikastea. Orduan, ikuskizun bakoitzean ideiak berak erabakitzen du nola adierazi edo zer teknika dagokion hobeto. Adibidez, azken aretoko obran, Hariak izenekoa, pertsona errealen istorio errealak kontatzen ditugu, eta horrek aurretik egon behar zuen, eta ondo adierazia. Horregatik Harkaitz Canorekin egin nuen lana, berak istorio horiek ezagutu eta gero idatz zitzan. Bizitzaren ahuleziaz hitz egiten denez, eta txotxongilo bati hariak mozten dizkiozunean zerotik hasi behar duenez, zer hobea txotxongiloak erabiltzea baino. Inoiz horretan aritu gabea nintzen, baina pentsatu nuen txotxongiloekin aritu behar genuela, panpinekin, eta horregatik daude bost dantzari batetik eta beste bost txotxongilo bestetik. Beraz, zertaz hitz egingo dugun, zer esan nahi dugun, horrek erabakiko du nola esango dugun.

Obrak aretokoak edo kalekoak bezala sailkatzen dira?

Bai, baina beti daude salbuespenak. Orain gutxi Hariak Elgoibarren egin dugu, kalean. Aretora begirakoak aretoetan egin ohi dira, batez ere azpiegitura mota batzuengatik, eta argiak ere garrantzia handia izaten du. Kalea beste lengoaia bat da, beste ezaugarri batzuk dituena. Niretzat beharrezkoa da bereziki publiko berriak erakartzeko. Kalean ez dago zu ikustera etorri dena bakarrik. Agian hortik pasatzen zen norbaitek ikusiko du, eta gustatzen bazaio, hor badago ikusle potentzial berri bat. Horregatik beti zaindu behar den medio bat da. Bestalde, askoz ere freskoagoa da, zuzenagoa da harremana ikuslearekin. Biak maila berean daude, eta hartu-emana bat-batekoa da eta dantzariarentzako hori oso polita eta interesgarria da, erlazio hori ez ahaztea.

Ertza konpainiak kaleko dantza ikuskizun onenaren Max saria jaso du, 'Meeting Point' lanagatik. Zer suposatzen du horrek?

Lehenengo zuzenketa txiki bat egingo dizut. Saria kaleko ikuskizun onenarena izan da. Horrek bereziki ilusio bikoitza egiten digu. Azken finean kategoria horretan bai dantza, bai antzerkia, bai zirkua, denak sartzen gara. Dantza beti izan da kulturan ahizpa txikia bezala, atzetik doana, medio gutxien dituena, publiko gutxien duena, eta irekia den kategoria batean saria jasotzea guretzat oso polita izan da. Eta, noski, Max bat jasotzea ez genuen inoiz pentsatuko orain urte batzuk. Gero, bestetik, ilusio berezia egiten dit ikuskizun honekin delako. Bi mutilen duo bat da, nik zuzendua. Oso gauza sinplea da, ez dauka inongo artifiziorik, ez dauka inongo efekturik, bi dantzari dira soilik kalean, eta dantzarekin bakar-bakarrik lortzen dute emozio puntu hori publikoan. Eta konplizitate hori, oso polita da, eta niri bereziki sekulako ilusioa egin zidan Max sari honek.

Zer istorio kontatzen da obran?

Badago oinarri bezala funtzionatu duen istorio bat. Azken finean, gu hiruron istorioa da, bi dantzariena eta neronena. Bi dantzariak brasildarrak dira, ume zirenean etorri ziren Euskal Herrira, urte berdinean, bakoitza bere amarekin. Thiagok 14 urte zituen eta Henriquek 10 urte. Ez zuten elkar ezagutzen, eta Euskal Herrira etorri ziren herri ezberdinetara. Bat Donostiara eta bestea Eibarrera. Bakoitzak bere ibilbidea egin zuen, batak breakdance dantzatuz eta besteak hip hopa. Ertzak antolatu zuen audizio batean elkar ezagutu zuten. Harrez gero, konpainiaren bi edo hiru ikuskizunetan parte hartu dute. Audizioan ezagutu eta gero lagun minak bilakatu ziren, eta pixka bat horri buruz da Meeting Point. Kuriosoa da bizitza honek zer ibilbide hartzen dituen askotan: bi mutil herrialde berdinekoak baina bi punta ezberdinekoak dira, eta Euskal Herrira, herri txiki honetara etorri, eta hemen dantzak nola elkartzen dituen beste gune batean. Hauek dira bizitzak dituen trikimailuak, azkenean zuretzat bizitzan garrantzitsua izango den norbait edo zerbait ezagutzera iristeko. Pentsatu nuen horretaz obra bat egitea eta horregatik izena du Meeting Point, topagune bat delako. Hiru pertsonen artekoa batetik, hiru lengoaiena bestetik, breakdance, hip hop eta dantza garaikidearena. Nire ikuspuntuek topo egiten dute, eta bereziki emozio askoren topagunea da.

Nola bizitu dute dantzariek saria?

Oso pozik. Biak datoz kaleko dantzetatik, ez dute prestakuntzarik dantzan. Nik gutxi baldin badut, beraiek gutxiago, ez direlako inongo eskoletara joan. Bat-batean, horrelako konpainia batean aritzea eta munduan zehar ibiltzea, beraientzat sekulakoa zen. Baina gero lan hori errekonozitua dela ikustea, sekulako ilusioz hartu dute. Kuriosoa da nik beraien amak ez nituela ezagutzen, baina saria jaso genuenean segituan idatzi zidaten, eskerrak emanez. Horrelako gauzek lehendik egiten den lan bati garrantzia eman edo kokatu egiten dute nonbait, eta hori polita da.

Ate gehiago irekiko dira orain sariarekin?

Espero dugu baietz. Egia esan Meeting Point aurreko urtean estreinatu genuen Leioako Umore Azokan, eta han bertan eman ziguten Euskal Herriko ikuskizun onenaren saria, eta horrek ate asko ireki zizkigun. Urte batean emanaldi pila bat egin ditugu. Ea datorren urterako ere Max sari honen eragina ikusten den. Pentsatzen dut baietz, publizitate ezin hobea delako. Medio guztietan azaltzen da, eta lehen ezagutzen gintuenak badaki irabazi dugula eta lehen ezagutzen ez gintuenak gutxienez orain ezagutzen gaitu.

Denboraldika funtzionatzen du kontratazioak? Datorren urterako esan duzunez…

Datorren urterako esan dut, zorionez aurtengoa nahiko beteta dugulako. Aurten izan dira hiruzpalau leku datengatik ezin izan dutenak eskatu Meeting Point, eta erreserba egin dute datorren urterako. Kontratazioarena, denborari dagokionez, herrialdeka izaten da. Euskal Herrian lau edo bost hilabeterako deitu diezazukete. Frantzian eta Europan hemendik bi urtetara kontratatzen ari dira. Brasilen datorren hilabeterako deituko dizute.

Asko mugitzen zaretela dirudi.

Meeting Point-ekin Brasilen izan ginen aurreko azaroan, eta oso polita izan zen, ez Thiago ezta Henrique ere ez zirelako bueltatu bere herrialdera hona etorri zirenetik. Costa Rican izan gara martxoan. Orain udaran Budapestera goaz, eta Italiara urrian. Azken finean obraren formatuak agintzen du. Hariak ikuskizunarekin kanpora joatea oso zaila izango litzateke, konplikazio tekniko ugari dituelako. Hegotik lanarekin dezente bidaiatu nuen munduan zehar.

Asko aldatzen da nola bizitzen den dantza garaikidea herri batetik bestera?

Bai. Aldatzen da bereziki jendeak ikusteko duen modua. Zentzu horretan uste dut Euskal Herrian lan asko dagoela egiteko. Europan, adibidez, jende gehienak ezagutzen du dantza garaikidea. Txiki-txikitatik joaten da eskolatik horrelako ikuskizunetara. Adibidez Vicente Saez konpainiarekin Belgikan eta Herbehereetan bi hilabete egin genituen ia egunero ikasleentzat emanaldiak eskaintzen, eta arratsaldeetan helduentzat. Hori hemen ez dago. Zaila da txikien munduan sartzea. Azpiegitura gehiago behar dira txikiei eskuragarriago egiteko bai dantza, bai antzerkia,... Ohitu daitezela ikusten, eta gero beraiek erabakiko dute gustatzen zaien edo ez. Gero, ezberdina da dantza garaikidea nola iritsi den herrialde bakoitzera, eta zer erreferentziarekin. Euskal Herrian bazeuden hainbat konpainia aspaldidanik dantza garaikidea egiten, baina orain euskal dantza egiten duten hainbat taldek fusio bezala hartu dute dantza garaikidea, eta hori ere modu bat da ate asko irekitzeko. Agian euskal dantzara zaletuak ziren asko, orain dantza garaikidearen zaleak dira.

'Hariak' eta 'Meeting Point' aipatu ditugu. Zein beste ikuskizun dituzue martxan?

Obra berri bat badugu prest. Aurreko urteko azken hilabeteetan eta aurtengo urtarrilean eta otsailean landu genuen, eta orain berriz irailean berreskuratuko dugu urriaren 20an Victoria Eugenian estreinatzeko. Janeten titia izango da. Umorez eta ironiaz landu nahi dugu normalitatearen gaia. Zer den normala eta zer ez, eta zergatik gauza bat hemen normaltzat jotzen dena beste herrialde batean ez den hain normala suertatzen. Janeten titia izenburua jarri diogu, Janet Jacksonek Super Bowl batean titi bat erakutsi zuen ikuskizunean eta sekulakoa muntatu zen, eta epaitegietara ere eraman zuten. Zurriolako hondartzara joaten bazara ehunka titi ikusiko dituzu eta dena normala da, baina horrelako momentu batean eta ikuskizun batean hori egitea izugarria izan zen. Hori erabiltzen dugu aitzakia bezala horretaz hitz egiteko, eta hori erabiliz azkenean hitz egiten dugu generoaz, matxismoaz, erlijioaz… Horrelako hainbat gai ukitzen ditugu eta horien inguruan hitz egiten dugu.

Eta hori dena dantzarekin azalduko duzue.

Kasu honetan testurik ez dago. Lau dantzari eta musikari bat izango dira. Musikariak ahoarekin egiten du bere musika guztia, beat box deitzen dena egiten du. Set bat dauka non berak ahoarekin egiten dituen soinuak grabatzen dituen, eta azkenean orkestra bat egiten du. Zoragarria da.



Sukaldaritzan bezala gertatzen da dantzan ere, hau da, gizonezkoak ezagunagoak direla emakumezkoak baino?

Dantzan ez nuke hain argia denik esango. Dantza garaikidearen historia bera hartzen badugu, nagusienak emakumeak izango ziren, Martha Graham adibidez. Eta gaur egun ere ez dakit. Euskal Herrian konpainia pila bat sortu dira eta hor emakume asko daude zuzendari bezala. Zenbakiak egin beharko lirateke. Hala ere, uste dut sukaldaritzan baino parekatuago dagoela gaia. Argi dagoena da, aztertzen badugu dantza egiten duen jende multzo osoa, hor bai %80 emakumeak izango dira eta gizonezkoak beste %20. Eskoletan bereziki ikusten da. Iñaki Landaren eskolan aritu nintzenean, ni nintzen klase askotan mutil bakarra. Eta zoritxarrez oraindik hori gertatzen da.

Nola bizitzen duzu agertoki gainean dantzan ez aritzea, eta beste plano batean, koreografiak egiten eta zuzentzen aritzea?

Dantza egiten jarraitu egiten dut, ia egunero. Zuzentzeko edo koreografia bat egiteko beti bukatzen dut dantzan. Klaseak ematen ditut, klaseak jasotzen ditut, eta dantzan jarraitzen dut. Azken finean, nola betidanik izan dudan sortzeko grina hori, niretzat ez da jarduera bat bukatu eta beste bat hastea. Betidanik egon naiz gauza txikiak sortzen: beste konpainia batean nengoenean, tarte bat nuenean beti egiten nuen koreografiatxo bat lagunekin. Niretzat hor muga bat jartzea ezinezkoa da, ez dagoelako.

Ez duzu beraz faltan botatzen zu zeu agertoki baten gainean egotea?

Agertokiak badu zerbait magikoa dena, eta oraindik ez badut faltan botatzen, hemendik gutxira botako dut faltan. Ni normalean soinuarekin egoten naiz, edo teknikariarekin ikuskizuna ikusten, entsegua eramaten eta egun guztian muntaia ondo doan kontrolatzen. Nire ikuskizunen ikusle txarra naiz. Hor sufritzen dut pila bat, agertokian nengoenean baino gehiago sufritzen dut. Oso gogorra egiten zait, sufrimendu latza izaten da. Bestela, dantzaren behar hori ez dut, ia egunero dantza egiten dudalako.

Argazkiak, hurrenez hurren: Federico Reparaz, Gorka Bravo, Yolanda Giron eta Asier Zabaleta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!