Martin Iraolaren margolanak ikusgai Erretirodunen tabernan

Imanol Garcia Landa 2018ko uztailaren 5a

Arantzazuko santutegiari buruzko koadroa nabarmendu du, datorren astean erakusketara gehituko duena.

Ez da lehenengo aldia Martin Iraola alegiarrak bere margolanak erakusten dituela Erretirodunen tabernan. Gustuko du besteek egiten dituzten koadroak ikustea, eta Erretirodunen tabernan bereak erakusteko aukera moduan hartzen du. Erakusketa gutxienez uztailean egongo da ikusgai.

Tolosako kultur etxeko tailerretan ikasten du Iraolak, eta bertan egindako koadro bat nabarmendu du batez ere. Orain Tolosako Aranburu jauregian ikusgai dago koadro hori, tailerreko beste lanekin batera, baina datorren astetik aurrera Alegiako Erretirodunen tabernan ikusi ahalko da. Koadro horretan Arantzazuko santutegiaren hainbat elementu jartzen ditu batera. «Nolabait esateko, kritika bat da», esan du Iraolak. «Santutegia egin zen garaian sekulako miseria zegoen, eta han dirua barra-barra sartu zen».

Beste bi koadrotan, adibidez, transfer teknika erabiliz argazkiak sartu ditu margolanetan. Horietako batean Paco Etxeberria auzi medikua agertzen da, eta bestean, Hego Amerikako mapa baten gainean, «lau pertsonaia iraultzaile»: Che Guevara, Ignacio Ellacuria, Romero artzapezpikua eta Pepe Mujika.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!