Joxe Manuel Oiartzabali azken agurra egingo diote

Imanol Garcia Landa 2018ko eka. 28a, 10:07
Derghan Esnaeel Palestinako Alain errefuxiatu eremuaren ordezkaria eta Joxe Manuel Oiartzabal, 2010ean egindako senidetze ekitaldian.

Alegiako Ezker Abertzaleko kidea izan zen eta zinegotzia bi legealditan; bihar da ekitaldia, eta deia zabaldu da Alegiako azken ostiraleko elkarretaratzea eskualde mailakoa izateko.

Aurreko astean zendu zen Joxe Manuel Oiartzabal, gaixotasun baten ondorioz. Alegiako Ezker Abertzaleak eta bere lagunek azken agur ekitaldia antolatu dute biharko. «Ekitaldia aitortza bat izango da, hainbeste urtetan herri mailako ekimenen eta borroketan parte hartu zuelako. Bere borrokakideek agurra emateko aukera izango dute», azaldu du ekitaldiaren antolakuntzan dabilen Felix Irazustabarrenak.

Hain justu, herritarren aldetik jaso zuten Oiartzabalen ingurukoek ekitaldia antolatzeko eskaria. «Agurra egiteko moduren bat prestatzea eskatu ziguten, zerbait egin beharra zegoela», azaldu du Irazustabarrenak. Oiartzabal Alegiako Udaleko zinegotzia izan zen bi legealditan, 1991-1995ean eta 2007-2011n. Bigarren legealdi horretan Alegiako Udalaren ordezkaria izan zen bi senidetzetan, Hagunia herri sahararrarekin eta Palestinako Alain errefuxiatu eremuarekin.

Biharko agurrari dagokionez, eta hileko azken ostirala izanik, euskal presoak Euskal Herriratzeko elkarretaratzearekin hasiko dute egitaraua. Hain justu, Tolosaldean deialdia zabaldu da azken ostiraleko elkarretaratzeetan parte hartzeko asmoa dutenek Alegiako elkarretaratzera joateko. Modu horretan esker ona adierazi nahi diote Oiartzabali, euskal preso eta iheslarien eskubideen alde urteetan egindako lanarengatik. Alegian Tontokalen egin ohi dute azken ostiraleko elkarretaratzea, baina bihar bertara joaten den jende kopuruaren arabera, herriko plazara aldatuko dute hitzordua.

Ondoren ekitaldia egingo dute Bulebarrean. Txalapartariek, bertsolariek eta dantzariek parte hartuko dute bertan. Horrez gain, hitz batzuk esango dituzte Oiartzabalen gertukoek. Azken agurrari bukaera emateko, Bulebarrean bertan zahagiardoa egingo dute.
 

EGITARAUA

Ekainak 29, bihar

19:30. Euskal presoak Euskal Herriratzeko elkarretaratzea, Tontokalen.

20:00. Ekitaldia Bulebarrean.

20:30. Zahagiardoa Bulebarrean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!