«Orain erabakiarekin kontsekuenteak izatea tokatzen zaigu»

Iñigo Terradillos 2018ko eka. 27a, 07:59

Julen Goikoetxea BI Balarekin jotzen. JOSETXO PEREZ

Bost urte, hiru disko eta 120 bat kontzertu ditu atzean Bi Bala taldeak. Euskal musika beste talde bat galtzera doa. Julen Goikoetxea alegiarrak musika munduan proiektu ezberdinekin jarraitzeko asmoa du.

Bost urteko ibilbidean, Bi Bala taldearen hirugarren diskoa da Arazo modernoak. Bost urte betetzera doanean, ibilbidea bukatzera doala iragarri du taldeak. Bertso Egunean sortu zen, gerora Bi Bala taldea izango zenaren hazia. Aitzol Barandiaran eta Iñaki Gurrutxaga bertsolariek eta Xabier Etxeberriak eta Julen Goikoetxea bateria jotzaileak osatutakoa. Julen Goikoetxea alegiarrak taldeak suposatu duenaren errepasoa egin du.

Agurrak triste samarrak izan ohi dira...

Agurra beti triste samara izaten da, baina azken finean guk hartutako erabaki bat izan da eta kontsekuenteak izatea tokatzen zaigu. Kontu polita izan da baina ikusi dugu uzteko momentua iritsi zaigula, arrazoi ezberdinengatik. Pena ematen du hainbeste eman dizuna uztea baina azkenean gauza guztiek dute hasiera eta bukaera bat. Guri ere bukatzeko unea iritsi zaigu.

Ohikoa bihurtu da, 'talde bezala ezin aurrera egin, ezin adina denbora eskaini taldeari'... Zein da zuen arrazoia?

2016. urte amaieran, hiru urte t'erdiz gelditu gabe egon ondoren, etenalditxoa egitea erabaki genuen. Hirugarren diskoa izango zen Arazo modernoak ondo prestatzeko, kontzertuak alde batera utzi eta diskoa mimoarekin egiteko asmoz. Urtebeteko geldialdi horren ondoren, pasa den azaroan diskoa aurkezten hasi eta seinaleak notatzen hasi ginen. Agian ez zegoela horrenbesteko ilusio, gogorik... Guk inoiz ez dugu arazorik izan kontzertuak lotzeko orduan, momentu horretan bira lotu nahian, hilean zenbat kontzertu eskainiko genituen adosterakoan, hasieran bezalako gogo falta bat nabaritzen hasi ginen.

Lau lagun ere bagara, eta ikusita bakoitzak bere familia baduela, bere lana baduela, zailtasunak sortzen hasi dira, bai entseatzeko, bai kontzertuak eskaintzeko, adibidez. Pixkanaka-pixkanaka faktura horiek guztiak pilatzen joaten dira eta momentu batean zure buruarekin zintzoa izan eta erabaki bat hartu behar da.

Proiektua ondo pasatzeko kontu bat da, eta edozein baldintzatan ibiltzea ere ez da komeni. Hobea da bere garaian zeure buruari freno bat jarri, arrastaka ibili baino.

Hirugarren diskoa kaleratu berri duzuela dator albistea, erabakiak jendea harritu al du?

Gure buruarentzat ere harrigarria da. Hainbat seinale notatzen ari ginen, gauzak ez zirela lehen bezain errazak koordinatzeko orduan, baina bolada kontua zelakoan geunden, neurria hartuko geniola. Baina azkenean ikusi dugu ez zela bolada labur baten kontua, eta gaizki-ulerturik egon ez zedin, hobe izan genuen geure buruarekin zintzoak izan eta frenoa jarri.

Sorrera joanda, proiektu berezia zegoen oinarrian.

Hasiera hartan esaten genuen, talde hau sortu bazen kasualitate mordo batzuen bilgune izan zela, elkarren segidan gertatu zirelako. Lehenengoa, 2013an gertatu zen, Bertso Egunean, Aitzol Barandiarani eta Iñaki Gurrutxagari bururatu zitzaien amaieran zerbait berezia egin behar zutela, The Beatles-en parodia hura egin zuten. Horrek oihartzun dezente hartu zuen eta herri ezberdinetatik proposamenak iristen hasi ziren. Aitzol ikasketak medio ezagutzen nuen, berak luzatu zidan parte hartzeko proposamena. Dozena bat kontzertu eskaini eta gero hasi ginen musika talde itxura hartzen.

Hasierako ideia horrek hasieratik forma hartzeko motiboa bazuela iruditu zitzaizun?

Hasieran ez genuen argi zer egin nahi genuen. Gogoratzen naiz Aitzolek lehenengoz ideiarekin etorri eta esan zidana: 'Hi, zerbait egin nahi diagu, ez dakiagu zer, baina apuntatzen al haiz?'. Hori izan zen proposamen zehatza. [Barreak]. Handik abiatuta haiek buruan bazituzten hainbat ideia, lehendik eginak zeuden bertso batzuk hartu, bertso batzuk moldatu euren letrarekin... Hasieratik bertsoarekin oso lotuta joango zen zerbait izango zen. Ondoren, musika talde formatua hartu genuenean, hasi ginen gure kantuak egiten eta orduan taldeak eboluzio bat izan zuen. Musika denborarekin pisua hartzen joan da.

Beti mezu garratzak izan dituzue hizpide, umore aldetik hori nabarmendu da, ironia fina.

Bai. Autokritika egin dugu, gure buruarengandik hasita. Behin zure buruari egurra ematen hasten zarenean, lizentzia hartzen duzu edozer gauza esateko. Bi Balaren beste ezaugarrietako bat izan da letra zirikatzailea, kritika dezenterekin baina geure burua babeste aldera, esaten genuen, gure burutik hasita.

Jendearen erantzunaz zer esan? Kontzertu ugari eskaini dituzue.

Denera 120 kontzertu. Ugari izan dira, taldeak eboluzio bat izan duen bezala, entzule aldetik eboluzio hori ere igarri dugu. Antolatzaileek hasieran bertso emanaldi bezala saltzen zuten, publikoak orduan bertsoekin lotura zuen. Ondoren, lehen diskoa kaleratu eta gaztetxeetan eta gehiago jotzen hasi ginenean, proposamen ezberdina genuela ikusten zuten, rockeroxeagoa. Orduan, bigarren eta hirugarren diskoarekin ere publikoa dezente aldatu zitzaigun. Jada bertso emanaldia baino kontzertua eskaintzen genuen. 

Esan daiteke Bi Balak euskal panorama musikalean hutsune bat bete duela?

Ez dakit zer aportatu duen. Guri askotan 'bertso-rock' etiketa jarri izan digute. Hor hutsune bat baldin bazegoen eta betetzen asmatu baldin badugu, ongi etorria izan dadila. Baina egia esan ez zait iruditzen ezer asmatu dugunik, ezta gutxiago ere. Gure tokitxoa egin badugu ondo, baina gure buruan ez da behin ere helburu hori egon. Egin duguna naturalki atera zaigu eta ondoren, bakoitzak etiketatuko zaitu nahi duen moduan.

'Wasabi' lehen diskoa 2014. urtean etorri zen, 2015. urtean 'Gure heroiak'. Bigarren diskoarekin bira handi bat egin zenuten.

Hamahiru hilabeteko bira ekarri zuen Gure heroiak lanak. 50 kontzertu inguru izan ziren, tartean Japoniara joateko aukera izan genuen. Amaieran gelditu behar genuela ikusi genuen. Urte t'erdi gelditu gabe ibilita, beharra ikusi genuen.

Hamahiru hilabetez etengabe kontzertuak eskaintzen. Horrek desgastea ekarriko du.

Japonia ere tartean izan zen eta agian perezarik gutxiena Japoniak eman zigun [Barreak]. Horrelako gozoki bat jartzen dizutenean... 50 kontzertu dira, bataz bestekoa ateratzen hasita, ia astero kontzertu bat esan nahi du horrek. Hala ere, tartean izaten dira boladak jo gabe eta ondoren udan, uztailean esaterako, bederatzi kontzertu atera ziren. Horrek desgaste handia suposatzen du. Gerora perspektibarekin begiratzen duzunean, eta taldekide baten kasuan, orain, bi alabatxo edukita, horrek ahalegin handia eskatzen du. Horretaz gain, guk gure lanak ere baditugu, hala ere nahi genuen zerbait zen. Zorte handia izan dugu, alde horretatik, kontzertu faltarik ez dugu behin ere izan.

Kontzertuak era askotarikoak izan dira.

Hasierako kontzertu horietan badugu anekdota bat, Altzara joan ginen jotzera eta soinu proban hasi ginenean, jendea esaten hasi zen altu samar zegoela, guk: 'Barkatu baina gitarra elektriko bat eta bateria bat daukagu'. Hasiera horietan zalantza izaten genuen jendeak benetan ote zekien zer ari ziren antolatzen, ez zirela bertso soilak. Amorru pixka bat eragiten zigun.

Ondoren zer izaten zen dezepzioa edo kontrakoa?

Bietatik esango nuke. Errespetu guztiarekin esanda, adin batetik aurrerako jendeak esaten zuen 'gu bertsoak aditzera etorri gara!'. Edo bestelakoak: 'Uste nuen hau benetako tostoia izango zela bertsoekin baina erritmoa badu'. Denetarik izaten zen.

Japoniarrei gustatu al zitzaien musika?

Ez dakigu gustatu zitzaien edo ez baina oso esker onekoak dira, dena oso alai eta positiboki hartzen dute. Itxura hori ematen zuen. Hala ere, ez dakigu euren artean zer nolako komentarioak egingo zituzten, ez genien ezer ulertzen eta. Oso eskertuak dira eta ondo pasatzen zutenaren inpresioa ematen zuten. Berdina gertatzen zaigu guri, egia esan, adibidez alemanez talde bat entzuten dugunean, ezer ulertzen ez dugula gaudela. Oso esperientzia polita izan zen hura.

Aukera sortu zen garaian, gure artean komentatzen hasi ginen, baiezkoa ematerako orduan hasi ginen hango bideoak, dokumentalak eta abarrak ikusten, baina bertara joan arte ez zara benetan kontziente nora zoazen. Eta are gutxiago zoazenean musika talde bezala, zure oinarria abesti horien letrak direnean. Eta bazoaz zure hizkuntza ia inork ezagutzen ez duen tokira. Ia esan dut, izan ere pertsona bat azaldu zitzaigun euskaraz. Zure proiektua defendatzea, zure parterik garrantzitsuena, letrak direnean, hasieran bertigoa edo errespetu dezentekoa ematen dizu. Oso jende irekia da, oso abegikorrak, asko errazten du horrek dena. TOLOSALDEKO ATARIA-n bira horren jarraipena egiteko aukera izan zen.

Bost urte betetzen duzuen egunean egur. 

Erabakia hartu genuenean, bosgarren urteurrenaren data gertu zegoela ikusi genuen, bost urteko zikloa ixteko data polita izan zitekeela ikusi genuen. Zentzua izan dezakeen egun bat izanda, aprobetxatu nahi genuen egun hori albistea emateko.

Agurreko kontzertua ere prestatu zenuten, Lazkaoko festetarako baina ez zen posible izan.

Behin ez dugu arazo handirik izan ezertan baina kontzertu hori gerturatzen ari zela baxu-jotzaileak behatzean ebaki dezentekoa egin zuen eta azken kontzertua izan behar zuen hori, bertan behera geratu behar izan zen. Pena izan zen.

Baina beste egun bat izango duzue ordainetan.

Hor gabiltza. Ez dakigu egin edo ez egin. Ez dakigu azkenean zertan geratuko den asuntoa. Nik uste polita izan daitekeela, behin albistea eman dugula, agurtzeko eszenatoki batera igotzea, azkeneko kontzertua eskaintzea. Momentu honetan ordea ezin dugu esan egingo denik, ezta noiz egingo den ere.

Julen Goikoetxeak hemendik urte batzuetara, Bi Bala taldea gogoratzean zer oroituko du? 

Oso esperientzia positibo bat, bolada on bat, jende asko, jende on asko ezagutzeko aukera eman didana, akaso ezagutuko ez nituen tokiak ezagutzeko aukera eman didana. Gure artean bost urtetan izan dugula giro ona.

Une on horien artean, baten bat aukeratu behar izango bazenu?

Ez da erraza, kontzertu bat eskatzeko esango bazenit, ez nuke bat bestearen gainetik azpimarratzen jakingo. Bat botatzeagatik, azken disko honen grabaketan, ordu asko sartu ditugu, lan asko egin dugu, neke asko izan da baina bukaeran osatu genuen diskoarekin oso-oso gustura geratu ginen. Satisfakzio handia izan da, denbora asko eskaini diogun gauza bati, horrelako emaitza ateratzen dela ikusteak, gehien bete nauen momentuetako bat izan da.

Bertsoa eta musika uztartuta sortu zen Bi Bala taldea, bost urte egin ditu eta agur esan du taldeak. Julen Goikoetxeak aurrera begira musikarekin lotuta ba al du proiekturik?  

Bi Balaren aurretik, musikarekin lotuta ibili ginen, eta Bi Bala eta gero ere jarraituko dugu, noski. Nire kasuan urte asko daramazkit musikan, Tolosan bertan Desordutan taldean, Isitxo Larrañaga akordeoi orkestran bagabiltza oraindik, eta oraintxe bertan talde proiektu bat badabilkigu Ataungo Maddi izena duen musikari batekin, bagabiltza abesti batzuk prestatzen, badago ideia zerbait grabatzeko. Pixkanaka-pixkanaka, oraingoaz kantuak egiten ari gara, gerora ikusiko dugu kantu horiek grabatzen ditugun edo ez. Proiektu honetan Bi Balako baxu-jotzailea, Pitxu, ere bada tartean. Hemen gitarra jotzaile moduan dago.

Noiz gorpuztuko da? Aurkezpen datarik badago?

Momentuz ez dago datarik jarrita. Kantuak sortzen ari gara, sortzen diren ideia horiei forma ematen, baina ez dugu inongo datarik finkatuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!