Kultura batzordearen "eskerrik beroenak" Herria Kantuan jaialdia posible egin dutenei

Ataria 2018ko ekainaren 21a

Jaialdiaren balantze "positiboa" egin dute ikusle kopuru handia azpimarratzearekin batera.

Alegiako Udaleko kultura batzordeak ekainaren 9an egin zen Herria Kantuan jaialdiaren balantze "positiboa" egin du. Balantzea egitean bi puntu hartu ditu oinarri modura. Batetik, parte hartzea zabala izan zela. "Adin eta diziplina ezberdin ugaritako herritarrek hartu zuten parte jaialdian. Musikariak, abeslariak, bertsolariak, dantzariak… Horrek ikuskizun dinamiko bat egitea ahalbidetu zuen, estilo ezberdinak nahastuz", azaldu dute batzordetik.

Bestetik, publikoak emandako "erantzun ona" ere azpimarratu nahi izan du batzordeak. Eguraldi txarraren iragarpenagatik plazatik Elorri pilotalekura lekualdatu behar izan zen jaialdia, "baina hala ere, jendeak erantzun bikaina eman zion. Emanaldia hasterako pilotalekuko harmailak beteta zeuden".

Gauzak horrela, kultura batzordeak eskerrak eman dizkie Herria Kantuan jaialdiaren hirugarren ekitaldi horretan modu batera edo bestera parte hartu duten guztiei. "Oholtzara atera zirenei, oholtzan gauzak hain ondo ateratzeko aurreko lanean lagundu dutenei eta egunean bertan antolakuntzan aritu zirenei. Denon artean lortu da horrelako jaialdi dotore bat aurrera ateratzea", azaldu dute batzordeko kideek.

Bide batez, kultura batzordeak gogorarazten du ateak zabalik daudela herritar guztientzat, eta ideia edo proposamenen bat duenak bertaratzea besterik ez duela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!