Asier Zabaleta alegiarraren Ertza konpainiak Max saria jaso du

Mikel Iraola 2018ko eka. 19a, 15:44

Argazkia: MAX Sariak

Alegian bizi den Asier Zabaletaren Ertza konpainiak kaleko ikuskizun onenaren Max saria jaso du, Meeting Point lanagatik.

Euskal ordezkaritza zabalarekin banatu zituzten atzo gauean 21. Max Arte Eszenikoen Sariak, Sevillan. Estatu mailako antzerki eta dantza ikuskizunak saritzen dituzte, talentuari bultzada emateko asmoz. 88 ikuskizunek jasoa zuten hautagaitza, 19 maila ezberdinetan, eta horietako hamaika euskaldunak ziren.

Sari horietako bat eskualdera iritsi da; edo zati bat, bederen. Izan ere, aspalditik Alegian bizi den Asier Zabaletaren Ertza konpainiak kale ikuskizun onenaren saria eskuratu zuen. Meeting Point du izena saritutako dantza ikuskizunak, eta Zabaletak zuzendari gisa jardun du.

Zabaleta bera eta Thiago Luiz Almeida eta Caio Henrique de Souza dantzariak izan ziren, atzo, Sevillako galan, saria jasotzen. Eskertuta hitz egin zuen Ertza konpainiako zuzendariak: «Eskerrik asko gogoratzeagatik zergatik dantzatzen dudan eta zergatik dantzatzen duen gizakiak. Dantza dezagun gehiago, dantza dezagun elkarrekin, dantza dezagun ospatzeko, dantza dezagun gogoratzeko, dantza dezagun amesteko».

Alboan izan zituen Thiago eta Henrique dantzariak. Bi dantzariak oso gazte zirela heldu ziren Brasildik Euskal Herrira, eta Ertzaren audizio batean ezagutu zuten elkar.  Hain zuzen, Meeting Point lanak bi gazte brasildarren dantza historia kontatzen du, ekarri zuten dantzarako pasioa eta talentua oinarri gisa hartuz, eta elkarren loturak aurkitzen saiatuz.

Ez da Ertzaren Meeting Point saritu duten lehen aldia. 2017ko Leioako Umore Azokan ere jaso zuen kaleko ikuskizun onenaren saria.

Kulunka antzerki taldea izan zen gaueko protagonista nagusienetako bat, Solitudes lanarentzat izan baita antzerki lan onenaren saria. Borja Ortiz de Gondra euskaldunak ere jaso zuen antzerkigile onenaren saria, Los Gondra lanarengatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!