«Bizimodu lasaiagoa eta errazagoa da hemengoa»

Iñigo Terradillos 2018ko eka. 17a, 11:26

Beste edonork eduki dezakeen bizimodua zuen Joseba Jimenez alegiarrak. Bere herrian bertan egiten zuen lan okin moduan, eta familian nahiz lagunartean osatzen zituen egunak. 26 urterekin, baina, mundua ezagutzeko eta bidaiatzeko grinak bultzatuta batetik, eta «hemengo loturez eta errepikatzen diren eguneroko jarduerez» nekatuta, lana utzi eta bidaiatzeari ekin zion bueltatzeko datarik gabe.

Brasil, Peru, India, Sri Lanka, Filipinak, Japonia, Indonesia... Munduko txoko desberdinetatik igaro zen, batik bat Asian. Thailandiara ere jo zuen, baina, bertako egonaldia uste baino gehiago luzatu zitzaion, gaur egunera arte, hain justu. Azken 31 urteetan bizi da han, gehienak Koh Taon. Koralezko uharri edo arrezifeengatik, itsasoko arrainen aberastasunagatik edo Carey eta dortoka berdeak bertan ugaltzeagatik ezagun den irla txikian. Lehengo bizimodua alde batera utziz, «bakea eta lasaitasuna» topatu du han, baina, hori bai, etxearekiko eta Euskal Herriarekiko herrimina asetzeko urteroko Alegiako bisitari ez dio hutsik egiten.

Zer moduzko bizimodua daramazu Thailandian?

Bizimodu lasaia, eguraldi ederrarekin.

Lasaia hemengoarekin alderatuta.

Bai. Desberdintasun handia dago. Han (Euskal Herrian) jendeak bere lana, bikotea, seme-alabak, eguneroko eginkizunak, ardurak, lantokiko edo bestelako arazoak, buruhausteak... ditu. Hemen, esan daiteke, horiek denak kenduta bizi garela. Bizimodu lasaiagoa da, eta errazagoa ere bai.

Buruhausterik gabeko bizimodua, beraz.

Bakarren bat izaten da tarteka, baina orokorrean, lasaiagoa da hemengo bizitza.

Nolakoa da hango egun normal bat?

Hemen normalean eguzkia izaten dugu. Goiz jaikitzen naiz, gosaldu kafetxo batekin eta itsasora joaten naiz. Barku txiki bat badut, eta harekin joaten naiz arrantzara edo igeri egitera. Lagunekin elkartzeko tartea hartzen dut... Egunaren eta beharren arabera antolatzen zara. Tarteka bisitariak ere izaten ditut, eta irlako txokoak erakusten dizkiet, eta solasaldiak izaten ditut beraiekin.

Askotan joaten al zaizkizu bisitan?

Bai. Batzuetan lagunak etortzen dira irlara ni bisitatzeko aitzakian, eta beste batzuetan lagunen lagunak ere etortzen dira. Ideia batzuekin etortzen dira, eta nik irlan eta inguruan egin dezaketenaren aholkuak ematen dizkiet, eta lagundu ere bai horiek egiten.

Irla liluragarri horietako bat da Koh Tao. Nolakoa da zu bizi zaren irlaren zatia?

Itsasoaren aldamenean dut etxetxoa eta honen ondoan taberna edo 'txiringito' bat dago. Aldamenean, baita ere, urpekaritza eskola bat daukagu. Eta, parez pare, noski, badia eder eta berezia.

Urpekaritza egitera joaten da jende asko Koh Tao irlara.

Bai, eta eskola asko daude horretarako. Turista ugari etortzen da helburu zehatz horrekin. Eta, noski, hotelak eta jatetxeak asko ugaltzea ekarri du horrek.

Zer du berezia hango itsasoak jendea bereziki urpekaritza egitera joateko?

Oso polita eta berezia da. Ur tropikalak dira, koralezko uharri edo arrezifeek egiten dute berezi, eta baita bertako faunak eta florak ere. Arrain harrigarri eta koloretsuak topatu daitezke bertan, dokumentaletan ikusi ohi direnak bezalakoak.

Eta baita dortokak ere, ezta? Dortoken irla ere deitzen zaio irlari.

Bai. Biztanlerik apenas zegoen garai hartan dortoka ugari etortzen zen hona arrautzak jartzera hondartzetan. Baina, urteek aurrera egin ahala jende gehiago etortzen da irlara. Eta, gaur egun, ez daude lehen bezala hutsik eta inguruan ezer ere ez daukaten hondartzak. Horregatik, arrautzak jartzera ez dira etortzen, ez baitute lehen zuten lasaitasuna topatzen. Nik dakidala duela hamar urte etorri zen azken dortoka arrautzak jartzera hona. Uretan bai ikusten direla, baina, arrautzak jartzen ez.

Zuk ere egiten al duzu urpekaritza?

Egiten dut, eta baita irakatsi ere. Hemen normalean eskuba edo eskafandra erako urpekaritza egiten da, hau da, jantzi bereziarekin eta oxigenoarekin. Nik egiten dudana apnea edo librea eskafandra da.

Azken 31 urteetan, aipatu dituzun horiek guztiak bizileku dituzu.

Koh Taon 28 urte daramat bizitzen, eta aurreko hiru urteak Thailandiako beste leku batzuetan egon nintzen. Koh Taora iritsi nintzenean asko gustatu zitzaidan. Oso leku aparta zen. Gaur egun ere bai, baina aldatuta dago, modernizatuta dago. Lehen ez zegoen ia ezer. Dena den, gaur egun ere bere xarma du Koh Taok.

Zer ikusi zenuen irla horretan han geratzeko?

Bidaiatzea asko gustatzen zait, eta hona etorri aurretik beste irla batzuetan egona nintzen, Thailandian, Indonesian, Filipinetan, Kanarietan... Koh Tao irlatik deigarrien egin zitzaidana zen oso basatia zela. Oso biztanle gutxi zituen, bizimodu oso naturala, jendea ezer gutxirekin bizi zen. Koko frutak biltzen eta arrantzan, horretan egiten zuten lan, eta jende oso jatorra topatu nuen. Oso diru gutxirekin erraz bizi zintezkeen.

Munduko gainerako txokoak aldatuz doazen bezala, irla honek ere aldaketa nabaritu du denboraren joanarekin.

Izena hartu du irlak, hotelak egin dituzte, eta garestitu egin da dena. Irla bat izateagatik ere guztia garestiagoa da, produktu guztiak kanpotik ekarri behar direlako. Ez da, beraz, lehengoa, baina, oraindik ere, ni eta ni bezala bertan aspalditik bizi garenak badakigu nola bizi bertan, gutxi gastatuz. Turismoa egitera datozenentzat, berriz, garestia da irla, batik bat, hoteletara etortzen direlako eta horiek garestiak izan daitezkeelako, eta bertakoen jatetxeetan baino turistei zuzendutakoetan jaten dutelako, eta horrela asko igotzen da prezioa.

Zu joan zinenean argindarrik eta urik ez zegoen etxeetan.

Argindarra ez zegoen. Edateko ura, berriz, putzuetakoa izaten zen. Poliziarik ere ez zegoen. Hala jartzen zuen ni hona iritsi eta segituan ikusi nuen kartelean. Koh Taoko populazioa 750 pertsonakoa zela jartzen zuen, eta poliziarik batere ez zegoela.

Ez zegoen poliziaren beharrik.

Ez, eta gaur egun ere ez dago behar hori, baina, asko daude.

Arraina izango da jaki ohikoena han.

Arrain freskoa izaten dugu normalean. Baina, izaten dira sasoiak arrain asko ez dena izaten, eguraldiagatik arrantzatzera ez direlako joaten. Baina, gure plater ohikoena arraina da.

Tsunamiak gertutik bizitzea egokitu al zaizu?

Ez. Koh Taok duen kokapenagatik tsunamietatik babestuta dagoela esan daiteke. Japonia aldean, Indonesian gertatu izan dira tsunami indartsuak. Indonesian gertatzen direnean, Thailandia aldameneko itsasotik etortzen da, eta penintsula handi bat geratzen denez tartean, horrek babestu egiten gaitu. Japonian gertatzean, tartean Filipinak izanik, indarra galtzen dute. Gure aldameneko irla batzuetan bai pairatzen dituztela tsunamien ondorioak, baina, hemen ez.

Bidaiatzea asko gustatzen zaizu, eta bereziki irletara jotzea. Zergatik?

Itsasoa asko gustatzen zait, eta arrantza egitea ere bai. Horiek gustatuz gero irla bat bezalakorik ez dago, eta horrekin batera, beste gauza erakargarri ugari ere eskaintzen dituzte.

Gertukoei kontatu zenienean irla horretan bizitzen geratuko zinela?

Denetariko erreakzioak izaten dituzu. Batzuek esaten dizute ederki egiten duzula, beste batzuek, berriz, ea ondo pentsatu duzun galdetzen dizute. Hango bizitza eredua badakigu nolakoa den: ikastolara joan, unibertsitatera ahal duenak, lanpostua lortu, bikotea, ezkondu, seme-alabak... Niretzat hori guztia lotura handia zen.

Ohiko bizimodu hori alde batera utzi nahi zenuen.

Oso ondo bizi nintzen ni han, baina, ikusten nuena da, mundua oso handia dela. Nahiz eta Euskal Herriko txoko hartan urte asko bizi, eta gustura gainera, jakitun nintzen munduan oso gauza ederrak eta interesgarriak daudela. Eta, horiek ezagutu nahi nituen. Munduan zehar bidaiatuz gauza asko ikasten dituzu, soilik zure herrian biziz gero ikasi ezin dituzunak, hizkuntza, esaterako. Monotoniatik ateratzeko bidea ere izan da niretzat bidaiatzea.

Herriminik sentitzen al duzu?

Urtean behin Euskal Herrira joaten naiz, eta hiru hilabete inguru egiten ditut. Familiakoekin eta gertukoekin egoten naiz. Lehendabiziko egunetan kalean geratzen nau jendeak, zer moduz nagoen eta hango bizimoduaz galdetzen dit. Bi edo hiru aste igarota berriro ere monotonia horretan sartzen zara, eta horrek apaldu egiten zaitu. Monotonia horretan sartzean orduan hasten naiz berriro ere Koh Taoko bizimodua faltan botatzen.

Hango materiala ere ekartzen duzu etortzen zarenean.

Bai. Eskuz eginiko egurrezko piezak izaten dira batik bat, kutxak, tailak, ispiluak... Balira joaten naiz materiala erostera, eta neguan Euskal Herrira joan aurretik bidaltzen dut guztia. Gasteizko Eguberrietako Azokara joaten naiz saltzera.

Euskal Herritik zer emango zenuke hara?

Familia, noski. Horretaz gain janaria, Euskal Herrian dagoen janaria munduko onenetarikoa baita.

Tolosaldeko berriak jarraitzen al dituzu handik?

Tarteka lagunekin eta gertukoekin hitz egiten dut, eta haiek kontatzen dizkidate eskualdeko kontuak.

Zure burua irla honetan ikusten al duzu betirako?

Auskalo. Munduak bueltak ematen ditu egunero, eta ez dago jakiterik. Momentuz oso ondo nago. Bizimodua aldatu daiteke, gauzak gertatu daitezke planak aldatzera eramaten zaituztenak, beraz, ezin jakin. Momentuz lasai bizi naiz hemen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!