«Hemendik aurrera helduen mailan ariko naiz, eta asmoa dut parte hartzeko»

Imanol Garcia Landa 2018ko eka. 6a, 10:00

Gipuzkoako Gazte Mailako Aurresku Txapelketa irabazi berri du Sutarri dantza taldeko Aritz Maizak (Alegia, 2003). Villabonako Oinkari dantza taldean ere aritzen da alegiar gaztea.

Nola joan da aurresku txapelketa?

Finalaren aurretik liga bat zegoen, hiru saioekin, eta denak irabazi nituen. Berez saio horiek gero finalera sailkatzeko puntuak lortzeko dira, baina mutilak gutxi ginenez, denak finalera pasa ginen.

Ligako saioak irabazita, espero zenuen finala ere irabaztea?

Espero nuen bai, baina, inoiz ezin duzu jakin zer gertatuko den. Zerbait gaizki egin ahal duzu eta besteek ondo, eta azken momentura arte inork ezin du jakin nola joango den.

Zer suposatzen du txapelketa irabazteak ?

Orain arte lortutako garrantzitsuena da, eta ilusio handia egin dit.

Aurrera begira ze asmo duzu txapelketei dagokionez ?

Aurten gazten txapelketan parte hartu dudan azken urtea izan da. Hemendik aurrera helduen mailara pasako naiz, eta asmoa dut parte hartzen jarraitzeko. Gero, ikusi egin beharko da nolako maila izango den hor.

Noiztik zabiltza Sutarri dantza taldean?

Ez nintzen oso txikitatik hasi. Uste dut hirugarren mailan-edo izan zela. Alegiako dantza taldean eman nuen izena, eta gero Oinkarin ere eman nuen, Alegian dugun irakaslea bertakoa delako. Bertan komentatu zidaten ea parte hartu nahi nuen txapelketatan, eta horrela hasi nintzen.

Dantzaren inguruan zer asmo duzu?

Oraingoz helburu bakarra ondo pasatzea da. Ez dakit gero noiz arte jarraituko dudan. Sutarrirekin emanaldiak herrian eta inguruan egiten ditugu. Oinkarirekin bestelako emanaldiak ere egiten ditugu, adibidez Korrontzi musika taldearekin.

Neska baino mutil gutxiago ikusi ohi da dantza taldeetan. Zergatik uste duzu gertatzen dela hori?

Ez dakit zehazki. Uste dut gizarteak mutilei futbolera eta beste kirol batzuetara bultzatzen dituela. Gero bakoitzak ikusiko du zer gustatzen zaion, baina hasiera batean hori erakusten zaizu mutil bezala. Nik dantza aukeratu nuen eta oso gustura nago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!