Ikasturtean ikasitakoa oholtza gainean erakutsiko dute

Imanol Garcia Landa 2018ko eka. 6a, 08:00
Sutarriko hainbat dantzari entsegu batean.

Sutarri dantza taldeko 90 dantzarien saioa izango da, etzi, Elorri pilotalekuan.

Ikasturte amaierako ikuskizuna egingo du Sutarri dantza taldeak, etzi, Elorri pilotalekuan. 22:00etan hasiko da emanaldia eta bertan parte hartuko dute egun dauden zortzi taldeek. Bost urtetik hasi eta helduenen talderaino, 90 dantzari inguru daude Sutarrin. Talde bakoitzak pare bat dantza eskainiko ditu.

Ixone Urkiri haurren hiru taldeen arduraduna da: «Emanaldi honetarako berezitasuna izatean da urtero berritzen dela txikienen taldea, aurretik ez dutelako emanaldi hau egin». Aspaldidanik egiten du Sutarrik ikasturte amaierako emanaldia. «Orokorrean saioa prestatzen dugu urtean zehar ikasten ditugun dantzekin. Dantza horiek beste emanaldietarako ere erabiltzen ditugu», esan du Urkirik.

Txikienen irakaslea izateaz gain, Urkiri gazte taldeko dantzaria ere bada. Orain gutxi, emanaldi berezia egin zuten gazte taldekoek Elizpe zinema aretoan. «Oso gustura geratu ginen emanaldia nola joan zen ikusita», esan du Urkirik. «Jende asko joan zen, Elizpe zinema aretoa goraino bete zen. Gustura atera zela esan zuen jendeak, eta gu ere, beraz, pozik. Elizpe bete bazen emanaldiak interesa sortzen duela esan nahi du. Eta gu ere pozik geratu ginen egindako saioarekin».

Emanaldiak prestatzen entseguetan orduak sartzen dituztela esan du Urkirik. «Gero jendeak erantzuten duela ikusteak, egiten ditugun saioetara joanez, betetzen gaitu. Bestalde, motibazio bat ere bada ikasi duguna erakusteko».

Elizpen egin zuten dantzetako bat etzi Elorrin errepikatuko dutela dio Urkirik, baina dantza berriren bat ere egingo dutela azaldu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!