Azken partida hartxintxarrean

Imanol Garcia Landa 2018ko mai. 23a, 10:20
Santos Irazustabarrena, Valentin Arrayet eta Patxi Renobales, Elorri futbol zelaian.

Egun berezia izango da larunbatekoa Intxurre futbol taldearentzat. Jokalarien eta jokalari ohien arteko partida antolatu dute, hain justu, azkena izango dena Elorri futbol zelaiaren egungo itxurarekin.

Gipuzkoan geratzen den hartxintxarrezko futbol zelai bakarra da Elorri, eta hurrengo denboraldirako eraldatu egingo dute, eta belar artifizialezkoa bihurtu.

Larunbatean denboraldi amaierako festa dute Intxurrekoek eta horregatik aukeratu dute egun hori hartxintxarrezko zelaiari agur esateko. «Orain arte Intxurren jokatzen aritu diren guztiei gonbidapena egin zaie etorri daitezela partida jokatzera. Aurkariak egungo jokalariak izango dira», azaldu du Patxi Renobales taldeko koordinatzaileak. «Herrian saltsa pixka bat jartzea da asmoa». 10:00etan egingo dute partida, eta bertan parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete herriko tabernetan jarrita dauden zerrendetan.

Ondoren bazkaltzeko elkartuko dira plazan, eta zahagiardoa izango da. Fitxa dutenei janaria taldeak jarriko die, eta besteek eurena eraman beharko dute. Ohi bezala, denboraldi amaierako festa izanik, opari banaketak ere egingo dituzte.

«ABANTAILARIK EZ»

Elorri hartxintxarrezkoa izanagatik, askotan entzun behar izan dute Intxurrekoek abantaila izan dutela. Erantzun garbia du Santos Irazustabarrena talde nagusiko entrenatzaileak: «Besteek gure zelaian partida bakarra jokatu izan dute ligan, eta guk, ligako partida erdiak bestelako zelaietan jokatu izan ditugu. Beraz, abantailarik ez dugu izan. Izatekotan beste taldeek izan dute».

Hori bai, antolakuntza aldetik bere lanak eman dizkie, besteak beste, partida bakoitzaren aurretik zelaia karearekin markatu behar izatea. «Putzuak zeuden garaian, kareak ez zuen bere lana egiten, beraz, konoak jarri behar izaten genituen zelaiaren mugak zehazteko», esan du Renobalesek. Bestalde, horrelako zelaietan lesioak izaten denaren ustea gezurtatu du Renobalesek: «Nik ez dut ezagutzen inor Elorrin lesio garrantzitsurik izan duenik. Kontu horrekin jendea oso oker dago».

HASIERAN, HONDARTZAN

90eko hamarkadaren hasieran jarri zen martxan Intxurre futbol taldea. «Santos zenaren oroimenez txapelketa egiten genuen Aste Santuetatik aurrera hasi eta herriko festak arte», ekarri du gogora Valentin Arrayet taldearen sortzaileak. «Gero eta jende gehiagok parte hartzen zuen eta ikusten genuen maila bazegoela, eta mutilekin hitz egin, taldea osatu eta hondartzan jokatzen hasi ginen».

Udalari eta «ahal zen guztiari» dirua eskatu zieten hasiera emateko proiektuari, eta udalak autobusa jarri zien Donostiara joateko partidak jokatzera. Ondoren, Tolosako Usabalen hasi ziren jokatzen. «Hartxintxarrezkoa zen futbol zelai hori ere», azaldu du Arrayetek. «Udalak ikusi zuen serio ari ginela eta Elorri futbol zelaia egin zen». 1995eko uztailean izan zen inaugurazioa.

Gogoan du Arrayetek noiz irabazi zuen Intxurrek lehenengo kopa: «Antiguokoren kontra izan zen, Andoainen, kadete mailan. 2-1 irabazi genuen, eta bi golak Ekaitz Saralegi pilotari ohiak sartu zituen».

Hasierako urteetan mutilen taldeak bakarrik zeuden. Lehenengo nesken taldea 96/97 denboraldian jarri zen martxan, eta areto futbolean izan zen. Geroztik urte batean-edo ez da talderik atera, baina gehienetan talderen bat izan da zelai handian.

Aurtengo denboraldian zazpi talde aritu dira: gizonezkoen erregionala, jubenila, kadetea, eta bi talde infantilena; eta emakumezkoetan jubenilena eta infantilena, azken hau futbol zortzikoa. «Horrez gain, alebinekin astean egun batean entrenamenduak egiten ditugu», esan du Renobalesek. Guztiak aritzen dira Elorrin. Batzuetan eromena izaten dela diote, batez ere, ostiraletan, denak elkartzen direlako. Futbolari alegiarrak dira oinarri Intxurren, baina beti osatzen dituzte taldeak inguruko herrietako jokalariekin.

Belar artifiziala jartzearena aspaldiko eskaria da Intxurreren aldetik. «Orain 20 urte-edo, orduko alkateak esan zuen aldatuko zela, baina ez zen gauzatu», esan du Arrayatek.

Datorren astetik aurrera hastekoak dira belar artifiziala jartzeko lanen prestaketak. Beraz, datorren denboraldia hasten direnerako, irailaren 1ean, Elorri futbol zelai berriari egokitzen hasiko dira Intxurrekoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!