Maiatzaren 11n amaituko da Langaurre Eguneko bazkarian izena emateko epea

Tolosaldeko Ataria 2018ko mai. 2a, 12:40

Maiatzaren 27an, igandez, ospatuko dute Langaurre Eguna Alegian. Aurten habia kutxak eraiki eta kokatzeko tailerra egingo dute Aranzadiren eskutik.

Azken urteetan, Alegiako Udaleko Kultura batzordeak Langaurre Eguna ospatzeko ohitura berreskuratu du. Maiatzaren 27an ospatuko dute, iazko formula bera errepikatuz, hau da, norberak bere bazkaria eraman beharko du.

Udalak mahaiak, aulkiak eta edaria jarriko ditu eta horretarako bazkaltzera igoko den pertsona kopurua ezagutzea ezinbestekoa da. Hori dela eta, maiatzaren 11a baino lehen izena eman beharko da, Iskiña, Hilario Berri edo Jubilatuen tabernetan, edo kultur etxean dauden orrietan. Zerrenda horietan bakarka edo taldeka eman daiteke izena eta taldeka ematen bada, taldeko kideen kopurua zehaztu beharko da.

Ohiko egitarauak berrikuntza bat izango du aurten. 11:30ean habia kutxak eraikitzen eta kokatzen ikasteko tailer bat eskainiko du Aranzadi Zientzia Elkarteak. Ikastaroan parte hartzeko ere izena eman beharko da, maiatzaren 11a baino lehen.

Egun horretan jendea Langaurrera oinez igotzea bultzatu nahi dute antolatzaileek. Hain zuzen, Alegiako Mendi Asanbladak egunean bertan hitzordu bat jarri du goizeko 9:30ean Tontokalen, jendea elkarrekin igotzeko, eta behin Langaurrera iritsita, 11:00etan hamaiketakoa eskainiko da. Langaurrera igotzeko modu hau leheneste aldera, oinez igotzen direnei bazkaria igotzeko garraio zerbitzua eskainiko diete antolatzaileek. Bazkal ondoren, ordea, bertaratzen direnei guztia jasotzeko laguntza eskatu dute.

EGITARAUA

9:30ean: Tontokaletik oinez abiatu.
11:00etan: hamaiketakoa Langaurren.
11:30ean: habi kutxen ikastaroa Langaurren.
14:00etan: bazkaria Langaurren.
*Eguraldi txarra egingo balu, festa bertan behera geratuko litzateke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!