Gazteen dantza abilezia ikusgai, 'Sustraietatik' ikuskizunean

Imanol Garcia Landa 2018ko api. 25a, 08:00

Sutarri dantza taldeak emanaldia eskainiko du ostiralean, Elizpe zinema aretoan.

Hirugarren urtez antolatu du Sutarri dantza taldeak emanaldia dantzari gazteekin. Elizpe zinema aretoan egin izan ditu aurreko biak eta aurtengoa ere bertan egingo dute. Etzi, apirilak 27, izango da ikuskizuna, 22:00etan hasita. «Ondo ari da emanaldia funtzionatzen, beraz, asmoa da aurrera begira ere horrekin jarraitzea», esan du Sutarriko kidea den Ixone Urkirik.

Sustraietatik izena jarri diote emanaldiari eta, esan bezala, dantzari gazteek parte hartuko dute. 11 urtetik hasi eta 19 urte bitarteko 30 dantzari izango dira Elizpeko oholtza gainean. «Urtero talde berri bat gehitzen dugu emanaldira», esan du irakasle lanetan aritzen den Eneritz Ugartemendiak. «Esango genuke 5. eta 6. mailara iristen direnean, sari moduko bat dela beraientzat emanaldian parte hartzea». Dantzari gazteek ilusioz hartzen dute saioa, Urkirik azaldu duenez: «Batetik, motibazio bat da emanaldia, eta, bestetik, aukera dugu jende aurrean aritu eta erakusteko nola egiten dugun dantzan».

Ugartemendiak gaineratu duenez, «erakusleiho moduko bat da. Ikasturte amaierako emanaldian talde oso-osoak parte hartzen du eta bakoitzak oso denbora mugatua dauka bere dantzak erakusteko, bestela hiru orduko emanaldia izango litzateke». Emanaldia, beraz, gazteei aukera emateko da, «urtean zehar eta aurreko urteetan egin duten lana erakusteko».

Denetariko dantzak egingo dituzte ikuskizunean. «Fandango, arin-arina eta horrelakoak ditugu, eta horrez gain koreografia ezberdinak egingo ditugu. Banako zaharra ere bai», esan du Urkirik.

TALDE OSOA, AURRERAGO

Beste bi emanaldi izango ditu Sutarri dantza taldeak, ikasturte bukaerakoa eta festetan egiten dutena. «Bi emanaldi horiek antzekoak izaten dira, eta talde bakoitzak pare bat dantza egiten ditu, eta hor txikienek ere parte hartzen dute», esan du Urkirik.

Sutarri dantza taldea «osasuntsu» dagoela dio Ugartemendiak. Egun 90 dantzari inguru daude taldean, bost urtetik gorakoak. Orain gutxi ikastaro bat egin da txikiagoekin, probatu dezaten eta hurrengo urtean taldean sartu nahi duten ikusteko.

Hain justu, emanaldiak egiteak ere beste helburu bat duela diote Sutarrikoek: «Gero eta saio gehiago egin, gero eta gehiago ikusi dantzariak, gehiago erakarri daiteke jendea dantzara eta taldera».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!